Modalizazioa


Modalizazioaz jakin behar duzu:

  • zer den modalizazioa eta zertarako erabiltzen den
  • modalizazio-mekanismoak
ZER DEN MODALIZAZIOA ETA ZERTARAKO ERABILTZEN DEN

Lan akademikoen xedeetako bat,  esan bezala, jakintza garatzea eta zabaltzea da. Askotan, bereziki, ezagutza ildo berriak urratzen direnean, kontu handiz ibili behar izaten gara baieztapenak egitean, hau da, agertzean  zenbateraino bermatu ahal dugun eduki informatiboa.  Modalizatzaileen bidez  adierazpenak ñabartuko ditugu, eta diskurtsoan egindako baieztapenen ziurtasun maila erregulatuko . Lakoffen ustez, hots, mekanismo hauek idenfikatu zituen lehendabiziko hizkuntzalariaren ustez, modalizatzaileak erabiltzen dira faltsua dena  hain faltsua ez suertatzeko, eta ez   hain egiazkoa, egiazkoa dena.  

«Beste droga batzuek ere, heroinak bezala, eraso-bulkadak ahultzen omen dituztenek  eragin ditzakete noiz edo noiz  bortxakeria-aldiak. Hori gertatu ohi da, oro har, estadio aurreratuetan.» (Luis Fernando Rey Huidobro, Guía didáctica del discurso académico liburuko adibidea)

Modalizazio-mekanismoak erabiltzeko, bi arrazoi nagusi daude. Alde batetik, irakurlearekiko errespetua; eta bestetik, kritikak leuntzea. Hala,  idazleak ez du baieztatu nahi izaten egiazkotzat jo ezin dezakeena.  Izan ere, adierazpenen fidagarritasun ezak  eragingo lioke (eta ez oso positiboki) idazleak testuan proiektatutako irudiari, ustezko idazleen profileari eta lan akademikoaren xede nagusiari: konbentzitu beharrari.

Esan bezala, modalizatzeko baliabideek mugatuko dituzte jasoko diren  kritikak,  baieztatu  eta frogatu ahal  duzuna soilik agertuko delako  testuan. Horrela,  irakurleak jabetuko dira urratutako ikuspegiek dituzten mugez, eta horren arabera baloratuko.

Bestalde, modalizazioaren erabilera ez dago finkatuta,  kultura akademikoaren  arabera aldatu egiten baita.  Idazlearen rolak eta komunitatean duen  estatusak  ere eragingo dute erabileran.  Hori guztia, hortaz,  baloratu beharko  da, idazten hasi aurretik.  Ez da komeni, alabaina, gehiegikerian jaustea ; alde batetik, irakurketa oztopatuko   lukeelako; eta bestetik, adierazpenek sendotasuna galduko  luketelako .Gainera,  baieztapenik ez egiteak  trasmitituko  lioke irakurleari intseguritate handia; eta horrek eramango luke pentsatzera idazleak  ez duela izango horrelako testurik idazteko besteko autoritaterik.

MODALIZATZE/ÑABARTZE/EBALUATZE-MEKANISMOAK

Aipatu mekanismoek balio dute idazleak   mezuarekin duen atxikimendu-maila (ustea, ziurtasuna, zalantza…) agertzeko, eta aldi berean, irakurlearen gogoetabidea bideratuz, bere onarpena eta konplizitatea lortzeko.  Hala, modalizazio/ñabartze-baliabideak erabiltzen dira baieztapenen balio informatiboa arintzeko edota murrizteko. Ebaluatze-mekanismoek, ordea, balio dute mezuaren egiazkotasuna edota garrantzia azpimarratzeko.   

Ugariak dira euskarak dituen modalizazio-mekanismoak, eta kategoria askotarikoak. Hemen lan akademikoetan erabil ditzakezunak baino ez ditugu aipatuko:

MODALIZATZE/ÑABARTZE MEKANISMOAK

Esan bezala, modalizazio/ñabartze-baliabideak erabiltzen dira baieztapenen balio informatiboa ahultzeko, arintzeko edota murrizteko. Mekanismoek  agerian uzten dute, xede komunikatiboa, testuinguru eta irakurleak kontuan edukita,  idazleak zenbaterainoko balioa eman nahi dion eduki informatiboari. Asko dira eta kategoria gramatikal askotarikoak.

– ZENBATASUNA adierazteko markatzaileak: batzuk, zenbait, asko, anitz, gutxi, aski, pilo bat, apur bat, mordo bat, makina bat, pare bat…

– MAIZTASUNA adierazteko markatzaileak: batzuetan, maiz, usu;  partizipioa + ohi…

– Objektu baten EZAUGARRITZE MAILA adierazteko mekanismoak: oro har; erabat/guztiz; nabarmenki; argi eta garbi; nabarmen…

– PROBABILITATE  eta  POSIBILITATEA  adierazteko markatzaileak:

  • seguru/ziur (asko) egon; seguruenez/ziurrenez; seguruenik/ziurrenik/segurutik; agidanez/agidanean/nonbait; antza denez/itxura denez/dirudienez/diotenez/diotenez; ei/omen/bide.  Nolabaiteko ziurtasuna adierazten dute.
  • agian, beharbada; baliteke…t(z)ea; litekeena da…-t(z)ea. Ziurtasun eza edo zalantza adierazten dute.
  • etorkizuneko morfema (-ko); adizkiak: alegiazkoak, ahalezkoak eta subjuntibera . Ziurtasun eza edo zalantza adierazten dute.

IRITZIA,  JARRERA eta BEHARRIZANA  adierazteko markatzaileak

  • adjektiboak: bitxi, izugarri, ikaragarri, sekulako, berebiziko, erdi badaezpadako…
  • graduatzaileak: nahikotasuna adieraztekoak: nahikoa, samarra, benetan + adj.ezeztapenak adieraztekoak: batere + adj. … 
  • esamoldeak: neurri (handi) batean, modu batean edo bestean…
  • esapideak: nahiago/hobe izan… ba-; ez egon gaizki/txarto… ba-/-t(z)ea; espero dezagun… -la/-t(z)ea; ezin izan+ partizipioa; ezinezkoa izan…-t(z)ea; zilegi izan … t(z)ea; zuzena/justua izan… t(z)ea; beharrezkoa/derrigorrezkoa/nahitaezkoa izan… t(z)ea; partizipioa + behar/beharra izan; partizipioa + beharreko + izena.

EBALUATZE MEKANISMOAK balio dute mezuaren egiazkotasuna edota garrantzia azpimarratzeko. 

  • adberbioak: jakina, tamalez/zoritxarrez/zorionez., nahitaez/ezinbestean..
  • esapideak: komeni izan azpimarratzea… -(e)la; interesgarria/harrigarria izan…-t(z)ea; ondo egon….-t(z)ea; inork ez du zalantzatan jartzen…; inor gutxik jarri zalantzatan/kolokan…; zer esanik (ere) ez egon; ez egon dudarik/ezbairik/zalantzarik…-la/…-na; ziurra izan…-la/-na; garbi egon/bistan egon…-la; ezagun izan…-la/-na…
ADIBIDEA

Adibiderik ikusi nahi izanez gero, begiratu PREST Unibertsitateko komunikaziorako gaitasunen eskuliburuan eskainitako testua (198 or.). Bertan modalizatutako eta modalizatu gabeko testu zatiak dituzu.

MEZUAREN MODALIZAZIOA

Liburu osoa ikusi nahi izanez gero, helbide elektroniko honetan duzu:

http://testubiltegia.ehu.es/Prest-komunikazio-gidaliburua/PREST_eskuliburua.pdf