Despertsonalizatzearen gainean jakin behar duzu:
- Zer den eta zertarako erabiltzen den
- Diskurtsoa eta pertsonen erabilera (despertsonalizatzearen baliabideak)
Lan akademikoek dituzten xede komunikatiboak bi dira: informatzea eta irakurleak konbentzitzea , eta, betiere, objektibotasuna galdu gabe, jakintza garatu edota hedatu nahi bada. Hortaz, idazlearen eta beste pertsona batzuen (adituen) hipotesiak, iritziak eta berbak agertuko dira, baina modu despertsonalizatuan. Izan ere, esparru akademikoetan ez da komeni idazlearen iritziak agerian uztea, horrek subjektibotasunaz jantziko lukeelako idazkia, eta horixe da nahitaez ekidin nahi izaten dena. Horrela, ikerketak edo lan akademikoak formaltasun eta seriotasun zientifikoa galduko luke, eta, horrekin batera, idazleak komunitate akademikoaren errekonozimendua. Eta ez ahaztu hori guztia behar-beharrezkoa dela garapen zientifiko eta soziala bultzatzeko, lan akademiko guztiek duten azken helburua, hain zuzen ere.
Esan daiteke, beraz, bi funtzio betetzen dituela despertsonalizatzeak:
- informazioa modu objektiboan adieraztea
- kritikak zorrotzagoak egin ahal izatea. Izan ere, despertsonalizatzeak , hots, agentea ez agertzeak leuntzen du egindako edozein kritika. Hala, uste okerrak kritikatzen dira, oro har, eta ez hainbeste, pertsonak. Modu horretan, kritikak, balorazioak edota zehaztasunak egiten dira, baina ez esplizituki.
Edozelan ere, despertsonalizatzearen erabilera eta funtzioa aldatzen dira hizkuntza batetik bestera, eta hortaz, kultura akademiko batetik bestera. Komeni da, zurea ez den hizkuntza batean idaztean, hori guztia kontuan izatea. Bestela, zure lan akademikoa ez da onartua izango eta arrotz egingo zaie irakurleei, kultura akademiko horretako konbentzionalismoak eta errutinak zaintzen ez dituelako.
Hiru dira erabil daitezkeen ahots enuntziatzaileak: enuntziatzailearen ahotsa (singularreko lehen pertsona); ahots sozialak (forma inpertsonalak edota pluraleko lehen pertsona); eta azkenik, ahots pertsonalak (hirugarren persona).
- Enuntziatzailearen ahotsa edo lehen pertsonaren erabilera. Lan akademikoetan ez dira agerian izaten ez lehen pertsona, ez eta bere iritzia ere . Hori guztia, erraz uler dezakezu, lan akademikoen xede komunikatiboari erreperatzen badiozu. Gogoan izan, objektibotasuna bilatzen dela; eta subjektibotasuna, ordea, ekiditen dela. Eta lehen pertsonaren erabilerak deuseztatuko luke objetibotasun desiratua. Horren ondorioz, lehen pertsona, nahiz eta testuaren idazlea izan , ez da agerian izango. Soilik onartzen da lehen pertsona erabiltzea, testuaren antolaketaren berri ematen denean (sarreran) edota, inoiz, ondorioetan, baina ez beti, askotan pluralekoa (gu) nahiago izaten delako.
- Ahots sozialak. Lehen pertsona testuan ez agertzeko, ahots sozialak erabiltzen dira. Oro har, pluraleko lehen pertsona erabili ohi da eta forma pasiboak edota inpertsonalak. Horiek guztiek ahalbidetzen dute objektibotasunez jokatzea, agentea agerian ez dagoelako. Pluraleko lehen pertsona baliatzeak badu beste abantaila bat: irakurlearen atxikimendu-maila. «Gu» erabiltzean, irakurleak testuan bete-betean sartzeaz gain, gure hipotesien/ideien/partaide egiten ditugu, euren atxikimendu-maila handituz. Horrek guztiak ekarriko du, euren aldetik, kritika zorrotzik ez egitea, planteamenduen gatibu egiten ditugulako «gu» izenordaina erabiltzean. Lehen pertsonaz baliatu nahi ez badugu, forma inpertsonalak («proposamenak egin dira») edota pasiboak («proposamenak eginak izan dira») erabil daitezke. Egitura hauek ezkutatu egiten dute agentea. Dena den, tentuz eta neurriz erabili behar dira, moteldu egiten dutelako idazkera. Badaude, bestalde, beste trikimailu batzuk, singularreko lehen pertsonaren erabilera sahiesteko. Adibidez, izen generiko eta erakusleak: «lan honetan»; «atal honetan»; «orri hauetan»…
- Ahots pertsonalak. Lan akademikoetan oso ohikoa da hirugarren baten esanak jasotzea. Adituen berbak jasotzeak sinesgarritasunez eta objektibotasunez beteko du idazkia, eta horrez gain, lagunduko dizu argudio testu eraginkorra eraikitzen. (Ikus. aipuak eta iturrien erabilera) . Hauek txertatu ahal dituzu estilo zuzena (bi punturen osteko aipua, hitzez hitzezkoa) edota zehar estiloa (-la; -nik…) erabiliz. Beste batzuetan, nahiago izaten da, zehar estiloa barik, esapideak erabiltzea («Urliak dioenez», «Urliaren arabera»…) edota ideia orokortua (garai bateko ideia orokorra; «Generatibisten garaian»)
Bigarren pertsona ez da agerian izaten lan akademikoetan. Hala ere, argi dago inplizituki testuinguru jakin bateko irakurle batzuei zuzentzen zaiela, eta are gehiago, irakurle horien profila, ezagutzak eta interesak kontuan izaten direla lan akademikoaren planifikazioan eta egikeran.