Laburtzea


Laburtzeko teknikaz jakin behar duzu:

Zelan laburtu

Laburtzeko teknika testuan dagoen informazioa bildu eta laburbiltzean datza. Horretarako, jatorrizko testutik ideia garrantzitsuak hautatu eta jaso behar dira, bigarren mailako xehetasunak albo batera utziz. Hala, laburpen on batek jaso beharko luke jatorrizko testuko informazioaren herena, gutxienez, eta bostena, gehienez. Dena den, hori guztia alda daiteke laburpenaren helburuaren arabera. Estimatu beharko  duzu, beti,  zertarako nahi duzun laburtu testu bat , hau da, zer egingo duzun laburpenarekin (azterketa bat prestatu, lan akademiko bateko aipu bibliografikoa egin…). Horrek guztiak gidatuko du egin beharreko lana.

Edozelan ere, eman beharreko pausuak dira:

– Irakurketa egokia egitea. Lehendabizi komeni da  irakurketa orokorra (esploratzekoa) egitea idazkiaren nondik norakoaz jabetzeko. Hori egin ostean, bigarren irakurketari ekin behar zaio, horretarako arretatsu irakurri behar da testua, bloke tematikoei erreparatzeko.

– Jatorrizko testuaren barneko egitura zehaztea.

– Ideia garrantzitsuenak azpimarratzea (edukien eskema). Irakurri bitartean, azpimarratu eta eskematizatu behar dira  garrantzitsuak deritzezun ideiak edota datuak. Teknika ongi egiteko, gomendatzen da lehenengo irakurketan ezer ez azpimarratzea. Laburtu nahi horretan,  gogoan izan behar duzu, bestalde,  azpimarratutako testuak berez zentzua izan behar duela; eta,   gaiaren gainean duzun ezagutzak eta gaiaren beraren garrantziak  baldintzatuko dutela  azpimarratutako testu-zatia.

– Laburpena idaztea.  Horretarako,  errespetatu beharko duzu jatorrizko testua: mota (narrazioa, deskripzioa, azalpen testua, argudio testua) eta egitura.

Zelan egin eskema

Azpimarratu ahala, gomendagarria da ideia garrantzitsuak jasoko dituen eskema bat egitea. Horrela ikusgai izango duzu, uneoro, informazio garrantzizkoa.

Komeni da eskema:

– funtzionala izatea: gehienez ere, orrialde batekoa.

– modu telegrafikoan idatzita egotea: esaldi edo hitz multzo esanguratsuenak baino ez. Horiek ordezkatuko dituzte  testuko ideia garrantzizkoak

– hierarkikoki antolatuta egotea: hierarkia espazialaren bidez.

Eskema modu askotara adierazi ahal da. Edozelan ere, gomendatzen  da  lehenengo begiratuan ulertzeko modukoa izatea.

Zelan testualizatu

Ideia garrantzizkoak jasota, idazten hasi beharko zara. Horretarako, gogoan izan behar duzu:

– ezin dela jatorrizko testuan ez dagoen ezer gaineratu;

– jatorrizko testuko ideien hurrenkera berbera gorde ahal duzula, nahi izanez gero;

– diskurtsoa  koherentea izan behar dela, hots,  testua idatzi beharko duzula, idaztankera zainduz eta beharrezkoak  iruditzen zaizkizun konektoreak erabiliz;

– informazio unitatea osatu behar duela, hau da, ez duela ideien metatze hutsa izan behar.