Egin bitartean kontuan hartu beharrekoa


Egiteko, kontuan izan beharrekoa da:

Txantiloia

– Nolako txantiloiak dauden, baita dituzun ereduak ere. Horrek lagunduko dizu egokiena zein izan daitekeen aukeratzen. Egizu zirriborro bat, baliagarri izan dakizuke; horrela ikusiko duzu zelan banatu irudiak eta testuak , eta zein izan daitekeen txantiloiaren distribuzio egokiena.

– Behin egiten hasita, ez da komeni txantiloiz aldatzea, irudiak, testuak, grafikoak mugi dakizkizukeelako txantiloia aldatzean.

Letra motak

Letra argia eta ulergarria hautatu. Oro har, letra mota hauek erabiltzen dira: Arial, Times edo Verdana. Tamainari dagokionez, kontuan izan behar duzu ikusgarria izan behar dela; horretarako, inportantea da jakitea zein distantziatara irakurri beharko den. Txantiloiek tamaina ohikoenak zehaztuta dakartzate.

Koloreak eta estetika

Zaindu erakundearen gustuak edota estetika (koloreak, anagramak, etab), baita koloreak eta haien arteko kontrastea edota konbinazio estetikoa ere. Komeni da kolore iluneko letrak fondo argi batean ipintzea, eta letra argiak, fondo ilun batean. Bestalde, ez da gomendagarria gizartean balio jakin bat duten koloreak erabiltzea, adibidez: urdina/arrosa.

Informazioa, grafikoak eta irudiak

– Ez ahaztu irudi eta grafikoen arteko proportzioa zaindu behar dela.

– Gorde informazio hierarkia, hots, bereizi ondo informazio nagusia eta bigarren mailakoa, baita posterrean beteko duten lekua ere.

– Gogoan izan euskarri bisuala dela. Hori dela eta, ez da komeni ez testu asko izatea, ezta atal oso luzeak izatea ere. Oro har, gomendatzen da 800 hitz baino gehiago ez edukitzea, jendeak denbora gutxian irakurri eta interpretatu behar duelako, gutxi gorabehera, 10 minututan. Hortaz, egoki konbinatu beharko dituzu irudiak, grafikoak eta testuak, horiek guztiak konbinatuz, irakurleek/entzuleek osatuko duelako posterraren informazioa.