Diskurtsoaren markatzaileez jakin behar duzu:
Diskurtsoaren markatzaileak:
- Testu zatien arteko lotura semantiko eta logikoa dira
- Testua egoki ulertzen eta interpretatzen laguntzen dute
- Testuaren informazioa kohesionatu eta antolatzen dute
Dena den, ez ahaztu informazio koherentea osatzeko, diskurtso markatzaileez gain, gure errealitatearen gaineko ezagutza ere kontuan izan behar dela. Hori guztiz kulturala da. Hobeto ulertzeko, irakurri hurrengo esaldiak:
- Bilbon, eguraldia euritsua da; hori dela eta, turismo hiri garrantzitsua da.
- Bilbon, eguraldia euritsua da; baina, hala ere, turismo hiri garrantzitsua da.
Lehenengo esaldian, perpaus zati biak ulergarriak dira, baita markatzaileak ere; baina ulergaitza suertatzen zaigu. Ulergaiztasuna ez dator gramatikaren aldetik, semantikaren aldetik baizik. Gure munduaren ezagutzak, hots, ideiek eta topikoek adierazten digute esaldia ez dela egokia. Hainbaten ustez, eguraldia euritsua ez da arrazoi nahikoa hiria erakargarria izateko. Bai, ordea, Guggenheim museo edota pintxoak, baina ez eguraldia. Horren ordez, ulergarriagoa suertatzen zaigu bigarren esaldia:
Bilbon, eguraldia euritsua da (ez da paseon aritzeko eguraldi egokiena); baina, hala ere, (hala izan arren), turismorako hiri erakargarria da.
Erreparatu parentesien arteko informazioa ez dagoela agerian esaldian, baina guk hala interpretatzen dugu. Horrek laguntzen digu esaldia koherenteki (behintzat, gure testuinguruan) ulertzen.
Diskurtso markatzaile guztiek informazioa antolatzen eta ulertzen laguntzen digute. Badaude, alde batetik, perpausak eta paragrafoak elkarren artean lotzen dituztenak; eta bestetik, perpaus barneko esaldi zatiak uztartzen dituztenak. Talde bien arteko ezberdintasun nagusia esaldien barneko mobilitatea da. Hala, lehendabizikoek ez ohi dute, bigarren taldekoek bezala, leku jakin bat perpausean.
Edozelan ere, iritzi artikuluetarako erabilgarriagoa da bestelako sailkapena, alderdi pragmatikoa eta semantikoa kontuan izaten dituena, hos, informazioaren “antolaketa egoki eta eraginkorrean” oinarritzen dena. Esan bezala, iritzi artikuluetan informatzeaz gain, norberaren iritzia azaldu eta argudiatu behar da eta, beti, irakurleek ulertzeko moduan. Argi geratu behar dira, beraz, tesiak, baita horiek defendatzeko eskainitako argudioak eta kontra-argudioak ere. Hori guztia oso garrantzitsua da azken helburua betetzeko: irakurlea limurtzea, horrela baino ez dugulako erdietsiko euren oniritzia eta atxikimendua. Hori guztia lortzen lagunduko digute markatzaile eta konektore diskurtsiboek.
Konektore eta markatzaileetan bereiztuko ditugu:
- Kontraargumentatiboak
- Kontsekutiboak/Kausalak
- Emendiozkoak
- Iruzkingileak
Informazio atalen arteko kontrakotasuna edo aurkaritza adierazten dute.
- KONTSESIBOAK
Informazio nagusia gertatzeko oztopo ia gaindiezina aurkezten dute: NAHIZ ETA; ARREN; BA…ERE; -TA/-RIK ERE… “
“NAHIZ ETA izugarri gustatzen zaida, oso garestia da” (Erkatu “BAINA” konektorea daukan esaldiarekin)
2. HAUTAKARIAK . Informazio zati bat aurkezten dute, beste informazio zati bati kontrajarrita: BESTELA, OSTERANTZEAN, GAINERAKOAN… Bi testuingurutan erabiltzen dira: baldintzazkoaren sinomino gisa (lehen zatia gertatzen bada, bigarren gertatuko da) eta “baina” konektorearen baliokide gisa.
“Idazlana agindutako egunean aurkeztu behar duzu; OSTERANTZEAN, irakasleak ez dizu hartuko” (Gramatika eta ariketak II liburuko adibidea)
” Ez zituen jostailuak batu nahi; BESTELA, ondo portatu da Josu” (Gramatika eta ariketak II liburuko adibidea)
3. AURKARITZAZKOAK
- Aurreko informazioarekiko kontrastea azpimarratzeko edo aurretik esandakoa matizatzeko: ORDEA, ALDIZ, OSTERA, AITZITIK…”Hau asko gustatzen zait; beste hori, ORDEA, batere ez”
- Aurkotasun maila gorena. Informazio zatiak kontrajartzen ditu, zati bat bestearen gainetik jarriz: BAINA “Jantzi oso garestia da, BAINA izugarri gustatzen zait” (Dendari batek hori entzungo balu, poztuko litzateke oso, erosleak seguru aski erosiko lukeelako jantzia)
- Aurkakotasun maila apala. Informazio zatiak kontrajartzen ditu, baina maila informatiboan utziz, informazio zati bat bestearen gainetik jarri gabe: HALA ETA GUZTIZ ERE, HALA ERE, ALABAINA, NOLANAHI ERE/EDOZELAN ERE/EDONOLA ERE; DENA DEN… “Jakinaren gainean dagoela uste dut; DENA DEN, bihar berriro esango diot” (Gramatika eta ariketak II liburuko adibidea). Forma jasoagoak izan ohi dira.
Bai kontsekutiboek, bai kausalek kausa-ondorio erlazioa adierazten dute. Aipatu erlazioan, kausalek kausa azpimarratzen dute; kontsekutiboek, ordea, ondorioa. Horren ondorioz, bai kontsekutiboek, bai kausalek ohikoak dira argudio testuetan.
“Dirurik ez daukadaNEZ, ezin izango naiz oporretan kanpora joan”
“Ez daukati dirurik; HORREN ONDORIOZ, ez naiz oporretan kanpora joango”
KAUSALAK
- Arrazoia azpimarratzen dute: IZAN ERE; ZEREN ETA… “Gazte asko kanpora doaz lan egitera; IZAN ERE, hemen ez dute lanik aurkitzen, behin ikasketak bukatuta”
- Ondorioa aipatu ondoren, horren KAUSA adierazten dute. Lotura logiko-kausala da; eta kausa arrazoizkoa edo zentzuzkoa izan behar da: HORREGATIK, HORI DELA ETA… (kohesio-mekanismo onak dira , bere balio anaforikoarengatik: HORI)
KONTSEKUTIBOAK
- Ondorioztatzen den informazioa azpimarratzeko erabiltzen dira, ONDORIOA da informazio nagusia: HORREN ONDORIOZ, HORRENBESTEZ… (kohesio-mekanismo onak, bere balio anaforikoarengatik: HORI). “Diru gutxi irabazten dugu; HORREN ONDORIOZ, diru-laguntzak eskatu beharko ditugu”
- ONDORIO LOGIKOA denean, hots, arrazoitzearen bidezko ondorioa denean erabiltzen dira: BERAZ, HORTAZ… “Lander jarri diote izena; BERAZ, mutikoa da” (Gramatika eta ariketak II liburuko adibidea)
- ONDORIO ONARGARRIENA EDO SINESGARRIENA denean, baina ez, ondoriozta daitekeen bakarra: ORDUAN, BADA… “Euritako hau ez da zurea? ORDUAN/BADA Nerearena da” (ORDUAN, maiz, denbora adierazteko erabiltzen da: “Ane iaz ikusi nuen; ORDUAN, ile luzea eta tindatua zeraman” ) (Gramatika eta ariketak II liburuko adibidea.
Iritzi artikuluetan informatu eta argudiatu behar da. Horretarako, konektore argumentatiboak eta kontraargumentatiboak garrantzitsuak dira, baina, baita emendiozkoak ere. Emendiozkoek informazioa erantsiko dute, baina ez edozein informazio, hari tematikoari eutsiko diona baizik. Informazio hori, gainera, progresiboki gaineratuko da, garrantzitsuena beti bukaeran jarriz. Horregatik, esan ohi da argudiatzeko ere balio duela, norberak aukeratzen duelako zer jarri bukaeran.
Erkatu perpaus biak:
“Amaiak yoga egiten du goizero; astean hirutan, gimnasiora doa; eta asteazkenetan, tenisean aritzen da. HORREZ GAIN, asteburuetan herriko gailur altuenetara igotzen da” (Manual práctico de escritura académica liburuko adibidea)
“(…). HORREZ GAIN, asteburuetan abenturazko filmak ikusten ditu”
Lehendabiziko esaldian, emendiozko konektoreak eusten dio hari tematikoari (Amaia oso kirolari iaioa da); bigarrenean, ordea, esaldia ulergaitza suertatzen zaigu, ez baita ulertzen informazio progresioa.
- GAINERA. Hari tematikoaren ildotik, informazio garrantzizkoena sartzen du: “Alberto gaizkilea da: auzokideak izorratzen ditu: txakurra jotzen du; eta GAINERA, emazteari izugarrizko jipoiak ematen dizkio.” (Manual práctico de escritura académica liburuko adibidea)
- BESTALDE. Informazioa gaineratzen du, baina garrantzitsuena nabarmendu barik, alderdi edo ikuspuntu berria gaineratzen du: “Beharrezkoa da, BESTALDE, neurriak hartzea alkoholaren eta drogen kontsumoaren aurka”
- HALABER, ERA BEREAN, OROBAT. Gaineratutako informazioa maila berean uzten du [Baita “X” ere]: “Lehorte hau ez da normala; ez da normala, HALABER, bero hau urte sasoi honetan”
- ALDE BATETIK, BESTETIK, BESTE ALDE BATETIK. Matizazio edo iruzkin (azpi-iruzkin) berria gaineratzen dute, betiere, hari tematikoari eutsiz. Horrez gain, informazioa antolatzeko eta banatzeko balio dute. Esan daiteke, beraz, argudiatzeko baliabidea ere izan daitekeela, informazio hautaketa eta hierarkizazioa berekin dakartzalako.
Iruzkingile ohikoenak:
- HAIN ZUZEN (ERE). Informazio progresio tematikoa adierazten du, aurretik esandakoa zehaztuz: “Azkenik, VI. Kapituluan, teknologia berriek hezkuntzaren garapenean izan dezaketen eragina aztertuko da; HAIN ZUZEN ERE, ordenagailuaren eta Interneten eragina.”(Goi mailako euskera lantzen liburuko adibidea)
- HAU DA. Identitatezko erlazioa ezartzen du: “Denok ez gara berdinak, HAU DA, bakoitzak bere izaera du”(Goi mailako euskera lantzen liburuko adibidea)
- HOTS, ALEGIA. “Hitz batean, berba batean” adierazten dute: “Aitorren izebak, HOTS, Amaia Aguirrek erakutsi zizkigun euskal dantzak” (Goi mailako euskera lantzen liburuko adibidea)
- ADIBIDEZ, HALA NOLA, BESTEAK BESTE, ESATERAKO, ESATE BATERAKO, KASURAKO. Aipatu multzoko elementu batzuk aurkezten dituzte: “Euskera lantzeko eta ikasteko, literaturarik ederreneko testuez baliatu izan dira behin eta berriro, BESTEAK BESTE, Atxagaren eta Sarrionandiaren nobelez.” (Goi mailako euskera lantzen liburuko adibidea)