Zer den ahozko diskurtsoa eta zein egitura duen


Ahozko diskurtsoaz jakin behar duzu:

Zein ezaugarri duen ahozko diskurtsoak

Ahozko jarduerak  baditu zenbait ezaugarri:

  • Berehalakotasuna
  • Entzumenari loturiko jarduera izatea.  Hori dela eta,  15-20′, gehienez ere, iraun beharko  du,  hori baita arretatsu egon gaitezkeen denbora-tarte luzeena.
  • Testuingurura egokitutako jarduera izatea. Unean uneko eta garaian garaiko diskurtsoak dira, entzuleriaren ezagutza mailara eta espektatibetara egokituta.
  • Elkarreraginezko jarduera izatea.  Enuntziatzailearen eta entzuleen arteko elkarrizketa isila dirudi, zeinetan  uneoro, kontuan izaten den entzuleriaren profila eta beraren interesak, baina entzuleen euren ahozko parte-hartze gabe, galde-erantzunen zatian izan ezik.
  • Limurtzeko baliabidedun jarduera kontzientea izatea. Hala, ahozko diskurtsoetan, kontzienteki limurtzeko gaitasunak menperatu beharko dituzu  eta egoki baliatu.
  • Planifikatze-gaitasuna eta burutze-gaitasuna garatzea.  Izan ere, ahozko diskurtsoa sortzeak eskatuko dizu testuingurura egokitzea, eta entzuleriaren momentuko beharretara moldatzea, aurretiko xede komunikatiboa lortze aldera. Horretarako, azalpenezko edota argudiozko testuez baliatuko beharko duzu, betiere, entzuleria limurtzeko asmoz.
  • Ez ahozko komunikaziaren garrantzia.  Jendearen aurrean berba egiten duzunean, ahozko kodeaz ez ezik,  ez ahozko kodeaz ere komunikatuko  zara. Hori dela eta, janzkera, jarrera, ahozkera, entonazioa, ahotsaren bolumena eta  keinuak kontuan izan beharko dituzu, eta kontrolpean izan.
  • Argia, koherentea eta formala.
Zein egitura duen ahozko diskurtsoak

Idatzizko diskurtsoetan bezala, ahozko diskurtsoetan berezi beharko dituzu: 

– Sarrera

Bertan  aurkezpenaz gain, testuaren ikuspegi globala eskainiko  duzu. Zati honetan zuereganatu beharko duzu  entzuleriaren arreta.  Horretarako lagungarria izango zaizu entzuleen aldez aurretiko ezagutzaz (gaiaz zer nolako ezagutza duen) baliatzea.

Oro har, zati honetan bereiztu beharko dituzu: agurra, zure aurkezpena, gaiaren beraren aurkezpen eta  justifkiazioa (zergatik izan dakiekeen interesgarri entzuleei),  baita jorratuko dituzun  alderdi nagusiak ere.  Komeni da, hasieran bertan, adieraztea entzuleek galderarik egiteko moztu dezaketen diskurtsoa edo bukaerarako utzi beharko duten. Horrek guztiak denboraren %10, gehienez ere,  beteko du.

– Garapena.

Bertan gaia jorratuko duzu. Horretarako, denboraren %80 erabiliko duzu. Zati honetan garrantzitsua da elkarreraginari erreparatzeaeta  uneoro, entzuleen lekuan jartzea. Horretarako, informazioa garatu beharko duzu modu ulergarri, argi eta koherentean eta erreformulazio ugari eginez. Erreformulatzeak aderdi ondo asko ditu: alde batetik, bide emango dizu informazioa hautatu eta antolatzeko; eta bestetik, entzuleei erreztuko die ulermena, denbora gehiago dutelako informazioa jaso, ulertu eta antolatzeko.

 Amaiera

Bertan jorratutako ideiak  laburtu/sintetizatu egin  behar dituzu eta entzuleriaren interesa piztu, gaiaren garrantzia azpimarratzeaz bat. Zati honetan, diskurtsoaren bukaeraren agurra  egin behar duzu, baita eskerrak eman ere, nahi izanez gero. Horrek guztiak diskurtsoaren denboraren %10 beteko du.

Erabilitako bibliografia:

BRIZ, A. (koord.) (2008). Saber hablar. Madrid: Aguilar.

LLAMAS SAÍZ, C.; MARTÍNEZ PASAMAR, C.; TABERNERO SALA, C. (2012). La comunicación académica y profesional. Usos, técnicas y estilo. Pamplona: Thomson Reuters Aranzadi.

VILÁ I SANTASUSANA, M (koord.) (2005). El discurso oral formal. Contenidos de aprendizaje y secuencias didácticas. Barcelona: Graó.