Argudio testuaren egitura


Argudio testuen inguruan jakin behar duzu:

DEFINIZIOA

Argudio testuetan eraikiko dituzu  kontrako eta aldeko arrazoiak, egiaztatu edo deuseztatu nahi dituzunean gertakizun, arazo edo fenomeno baten inguruko  tesi, iritzi edota usteak.

HELBURU KOMUNIKATIBOA

Argudio testu guztietan helburu nagusia da irakurlea limurtzea edota iritziz aldaraztea bere atxikimendua lortzeko asmoz. Txostenetan, inoiz,  zure tesiaren  defentsa egin beharko  duzu, eta horretarako argudio sinesgarriak, arrazoiak eta frogak eskainiko. Horrekin guztiarekin nahi duzu irakurleak (irakasleak, ikasleak, ikertzaileak…) zure ikerketaren seriotasunaz jabe daitezen eta merezi duzun errekonozimendua eskain diezazuten.

EZAUGARRIAK ETA GOMENDIOAK
  • Maila aski abstraktua du.
  • Argudioek hari logikoari (kausa-efektua/kausa-ondorioa)  eusten diote.   Horretarako,  zure argudioen aldeko frogak, adibideak, datuak (zifrak) edo adituen iritziak baliatu ahal dituzu,  baita kontrako ideiak/planteamenduak ere, baina, beti, zuk defendatu nahi dituzunak nabarmentzeko. Egia esan, baliabide ona eta eraginkorra izan ohi da kontrako argudioak errefusatzea, zureak azpimarratzeko.
  • Informazioaren antolaketa zehatza egin behar da  eta edukia gehiegi ez zabaldu, hots, ikerketaren ardatzetik gehiegi ez urrundu, arrazoibidea gardena eta eraginkorra izateko.
  • Igorlearen beraren planteamenduak eta ikuspuntua defendatzeko, singularreko edota  pluraleko lehen pertsona erabili ohi dira. Horiekin batera, forma inpertsonalak ere tartekatzen dira, bereziki, objektibotasunaz hornituko nahi duzunean lana.
  • Erabili hizkera, egokia, zehatza eta konnotazio bakoa, interpretazioei biderik ez emateko, hots, adierazi, egiatan adierazi nahi duzuna

GOMENDIOAK:

  • Denbora hartu argudioak ondo eraikitzeko eta informazioa (kausalitatea) apurka-apurka adierazteko. Komeni da, hortaz,  informazio saltorik ez egotea,  horrek eramango lukeelako  irakurlea interpretazio propioa egitera,  eta horren ondorioz, kritika eta balorazio okerrak egitera. Baloratu,  beti,  ikerketak edo lanak zein ondorio ekarriko dizun.
  • Ez ahaztu zure helburu nagusia dela irakurlea limurtzea. Hala, argudioak gaizki eraikiz gero edota informazioa gaizki kudeatuz gero, irakurleak ez du ulertuko zuk komunikatu nahi duzuna.
  • Jarri beti irakurlearen lekuan (zer dakien gaiaz, alde edota kontra izango duzun….) Horrela, errazago egingo zaizu irakurleak egin behar duen bidea ulertzea. Horrek guztiak lagunduko dizu argudio egokienak eraikitzen, eta bide batez, sahiestuko dituzu kritika asko.
ARGUDIO MOTAK

Baliabide ugari daude argudioak eraikitzeko. Hasi baino lehen, hausnartu eta pentsatu zer lortu nahi duzun, zein testuingurutan, eta nork irakurriko duen. Elementu horien guztien arabera, aukeratu argudiobide egokienak edota eraginkorrenak.

  • Autoritate-argudioak. Zure planteamenduak nabarmenduko dituzu aditu edo instituzio ospetsu baten iritziarekin bat badatoz. «Adituek defendatzen badute… inork ez dizu kontra egingo». Argudio mota honetan hirugarren pertsona erabiliko duzu, adituen ahotsetan adieraziko duzulako defendatu nahi duzuna.
  • Iritzi orokorraren argudioa. Garaian garaiko  iritziak, baloreak edota printzipio etiko edo moralak dira, gizarteko gehiengo batek defendatzen dituenak. Argudio mota honetan pluraleko lehen pertsona erabiliko duzu. Horrela gizarte osoaren planteamendua jasotzeaz gain (ez da zurea soilik izango), zure iritzien partaide inplizitua bihurtuko duzu irakurlea .
  • Arrazoibidea. Argudio mota honetan giza-adimenaren logika naturala edota pentsabidea baliatzen dugu. Horretarako, oso erabilgarriak dira kausa-ondorio motako argudioak. Hauek korrelazioetan (kausalitatean)  oinarritzen dira: gertaera (evento) eta joeren (tendencia) artekoetan. Komeni da,  beti, azalpen onargarriena edota sinesgarriena erabiltzea, eta horretarako,  argudio deduktiboez  baliatu ahal zara.
  • Adibide bidezko argudioak (Adibidegintza). Zure tesia aberasteko edota indartzeko adibideak erabil ditzakezu. Komeni da adibideak ondo aukeratzea, horretarako egiazkoak eta erakusgarrienak hautatu. Horiek guztiek eramango dituzte irakurleak  generalizazioak  egitera. Ez ahaztu kontra-adibideetan pentsatzea, horrek lagunduko dizulako ondorioak zehazten, mugatzen edo birplanteatzen. Behar izanez gero, analogiak ere erabil daitezke, baina, kontuz ibili, antzekotasuna (argudio mota honen funtsa) benetan nabaria izan behar da, argudio ona izateko.
  • Estatistikak ematea. Datuak, oro har,  argudio egokitzat jotzen dira. Erabili nahi izanez gero, aztertu ondo portzentaje totalak eta eskainitako adibideen kopurua.

GOMENDIOAK 

  • Hasi  baino lehen, aztertu ondo arazoa eta hausnartu, uste eta argudio onak- ulergarriak eta sinesgarriak- osatu arte. Horretarako, komeni da ondorioetatik– frogatu nahi duzunetik- hastea, eta gero pentsatzea zelan argudiatu. Garatu, beraz, pixkanaka zure argudioak, kontra-argudioetan pentsatuz, eta  erabili orden logikoena eta naturalena, premisen eta ondorioen arteko lotura inoiz ez galtzeko.
  • Informazioa ondo antolatu, ideia nagusiak eta garrantzizkoak ongi adieraziz, baita horietara heltzeko premisak ere.
  • Sahiestu gaingeneralizazioa. Adibide gutxitatik generalizazioa ateratzen denean, gaingeneralizazioa suerta daiteke. Horrela eginez gero,  arazoa,  nahita  edo nahi gabe,  sinplifikatzen da.
  • Baloratu kasualitatea argudioak eraikitzean. Maiz, lotura okerra eraikitzen da   kausalitatearen eta denbora pasatzearen artean, hots, gertakaria zerbaiten ostean suertatzen bada, horrengatik gertatzen dela sinistu ohi da.
  • Zaindu tonua eta erregistroa.  Izan zaitez gizabidetsua eta ez erabili lengoaia alderdikoia.
  • Eskatu ikaskide bati edota tutoreari lan akademikoa irakurtzeko. Oro har, norberak idatzitako testua zuzentzea zaila da. Sarritan, zuk  zeuk ulertzen duzu idatzitakoa , baina ez,  irakurleek, argudioak egoki adierazita ez daudelako, informazioa ondo antolatuta ez dagoelako,  edota tonua edo erregistroa egokia ez delako.  Horregatik, komeni da testutik urruntzea, testua bera osatzeko eta hobetzeko. Horretan, tutoreak eta ikaskideek lagundu ahal dizute. Ez izan beldurrik laguntza eskatzeko.
  • Ez etsi. Memoriek edota txostenek bere denbora eta dedikazioa eskatzen dute. Eskain iezaiozu behar besteko denbora. Gogoan izan ezazu ikasbide hoberena dela norberak egiten duena. Hala, lanak burutzeak lagunduko dizu  ezagutza handitzen eta ikasbidea eraikitzen.