Ahozko diskurtsoa osatzeko estrategiak


Testuingurua eta entzuleria aztertu ondoren, ahozko diskurtsoa planifikatu eta entseatu  beharko duzu,  harik  eta ahozko jarduera egokia eta arrakastatsua osatu arte. Horretarako, lagungarri izan dakizkizuke ondoko estrategiak:

Diskurtsoa kontestualizatzeko estrategiak

Diskurtsoaren eta testuinguruaren arteko elkarreragina sustatzeko,  eta bereziki, entzuleak motibatu eta diskurtsoan inplikatzeko, kontuan izan beharko duzu:

  • Entzuleek gaiaz duten ezagutza, eta hitzaldian  jarrita dituzten espektatibak. Kasu askotan,  entzuleriaren arreta bereganatzeko,  bizitza errealeko kontuak, txisteak, anekdotak… erabili ditzakezu . Horrela bete-betean sartuko dituzu  entzuleak diskurtsoan .
  • Deixiak: pertsonalak (bokatiboak eta izenordainak: zuek, entzuleok…); denborazkoak (denborazko adberbioak: orain, gaur, une honetan…); espazialak (lekuzko adberbioak: hemen, hor, irudi honetan…)
  • Ez ahozko elementuak: keinuak, begiradak, mugimenduak, jarrera, ahozkera (intonazioa, erritmoa).  Hauek guztiek lagunduko dizute esaten ari zarena enfatizatzen, eszenifikatzen eta informazioa argitzen. 
Diskurtsoan kudeatu beharreko informazioaren erregulazioa

Diskurtsoan,  garrantzitsua da informazioa dosifikatzea eta, batez ere , informazio nagusia azpimarratzea, entzuleek mezua hobeto ulertu/antola dezaten. Horretarako, baliagarriak izan dakizkizuke:

Enfatizatzeko baliabideak. Besteak beste, erabil ditzakezu:  hitzen hitzezko errepikapenak, enfatizatzeko edota intentsitatea emateko; galdera erretorikoak, gaian aurrera joateko edota kontzeptu abstraktoak azaltzeko. Horien guztien bitartez, entzuleriaren arreta fokalizatuko duzu eta informazio nagusia azpimarratu.

Eduki tematikoaren garrantzia adierazteko markatzaileak; adibidez: garrantzitsua, oinarrizkoa…

Prosodia: intonazioa, ahozkeraren intentsitatea, erritmoa… Hauek guztiek balio dute   enuntziatzaileak  gaiarekin duen jarrera adierazteko  eta, batez ere,   ideien hierarkizazioa   nabarmentzeko.

Diskurtsoaren gaia zabaltzeko estrategiak

Diskurtsoan informazioa progresiboki adierazi beharko duzu, tarteka-marteka diskurtsoa gelditu edota moteldu, kontzeptu edota ideia berrien ulermena errazteko. Horretarako, erabil ditzakezu:

Erreformulazioak edo enuntziatu baten azalpenezko parafrasia. Horien bidez, informazio antzekoa eskaintzen da, baina sintaktikoki desberdin formulatuta.

Definizioak.  Definizio egokiak osatzeko, objektuaren talde generikoa adierazi beharko  duzu, eta  horrez gain,  berezko ezaugarriak  zehaztu,  talde bereko beste elementuetatik  espreski bereizten dutenak.

Adibideak. Gogoan izan behar duzu adibide batzuetatik arau orokorrak induzitu ahal direla edota alderantziz, hau da, arau orokorretatik kasu partikularrak ondorioztatu. Ez ahaztu  hori guztia  adibideak hautatzean.

Analogiak, metaforak, konparazioak, paralelismoak... Horiek  lagunduko dizute aldez aurretiko ezagutza edota esperientzia baliatzen eta, horrez gain, informazio berria ulertarazten.

Erabilitako bibliografia:

BRIZ, A. (koord.) (2008). Saber hablar. Madrid: Aguilar.

LLAMAS SAÍZ, C.; MARTÍNEZ PASAMAR, C.; TABERNERO SALA, C. (2012). La comunicación académica y profesional. Usos, técnicas y estilo. Pamplona: Thomson Reuters Aranzadi.

VILÁ I SANTASUSANA, M (koord.) (2005). El discurso oral formal. Contenidos de aprendizaje y secuencias didácticas. Barcelona: Graó.