Debateetan aurkariaren argudioen makaltasuna topatu, nabarmendu eta baliatu behar da norberarenak indartzeko, horretarako, baliagarriak dira kontraesanak, adibideak/analogiak eta estatistikak edota adituen iritziak.
Kontraesanak ohikoak dira terminoen edo kontzeptuen definizio eta erabileretan; maiz, suerta daiteke, debateak aurrera egin ahala, kontzeptuaren hasierako interpretazioa aldatzea edo anbiguoa bihurtzea.
Bestalde, analogiak ere erabil daitezke aurkariaren argudioak kolokan jartzeko, bereziki, gehiegi pentsatu gabe hautatu badira.
Estatistikei edota adituen iritziei dagokienez, beti topa daitezke kontrako argudioak sendotzen dituzten datuak, edo aurkariak emandako datuen bestelako irakurketa eragin dezaketenak.
Bukatzeko, badago trikimailu bat erabil daitekeena bestearen diskurtsoa ahultzeko: interpelazioa planteatzea (argudioaren gaineko galdera laburra), jakin barik zein izango den kontrako arrazoia. Horrek balio du aurkariaren diskurtsoa oztopatzeko, eta irakurleari eragiteko. Dena den, ondo baloratu behar da unea, hau da, ziur egon behar gara gure argudioen sendotasunaz edota aprobetxatu bestearengan antzemandako ziurtasun eza. Interpelazioa aurkezten denean, bi aukera dugu: ukatzea edo onartzea. Onartzen bada, baina momentuan ez badakigu zelan egin aurre, desbideratu ahal dugu esanez “Mila esker, badakit zertaz ari zaren, hitzaldian helduko diot aurreragoko momentutxo batean“.