Zelan gauzatu behar den


Testuak, datuak eta irudiak antolatzeko komeni da:

Itxura grafikoa

– Itxura grafikoa (koloreak, distribuzio espaziala …) zaintzea, erakargarria izan dadin.

– Irudi, letra eta grafikoen konbinazio orekatua, estetikoa, proportzionatua eta harmonikoa izatea.

-Berritzailea eta kreatzailea izatea, jendearen interesa pizteko.

-10 irudi/grafiko, gehienez ere, ipintzea. Gehiago balira, posterra baino, iragarkia litzateke. Irudiak, bestalde, kalitate eta definizio onekoak izan beharko dira, eta euren erabilera legez baimenduta egon behar da. Era berean, ez ahaztu kontu etikoak zaindu behar direla eta saihestu gustu txarreko irudiak.

Informazioa

– Argia, txukuna eta ulergarria izatea: informazio inportanteena baino ez da jaso behar. Horregatik, komeni da sintesi maila ona izatea.

– Ideien azalpen argia eta hierarkia argia gordetzea.

– Informazioa euskarrian antolatzeko, garrantzitsua da mendebaldeko irakurketaren norakoa zaintzea. Hortaz, informazio nagusia goian eta eskuinaldean jarri behar da, irakurketaren norako naturala delako.

– Zehaztasun zientifikoa gordetzea.

Idaztankera

– Zientifikotasuna eta teknizismo maila egokitu beharko duzu entzuleen jakite/ezagutze mailara. Batzuetan, praktikoa da termino ezezagun guztiak box-glosario batean jasotzea.

– Adizkiei dagokienez, ohikoa da forma pasiboak erabiltzea (baina neurriz), edota hirugarren pertsonadun adizkiak.

– Mugatu paragrafoen eta esaldien luzera- 30 hitz gehienez ere, esaldi bakoitzeko-.

– Saihestu errepikamenak eta tartekiak (ez dute informazio berririk gaineratzen).

Posterrarena atalak

-Errespetatu posterraren atalak eta gomendatutako hizkien kopurua eta tamaina.

-Izenburua: goian idatziko duzu, informazio osagarria ere jarri ahal da, posterraren helburua edota funtzioa laburbilduko duena. Gehienez ere 2 lerro erabil dezakezu; eta gomendatutako tamaina, 70etik gorakoa.

-Autoreen izenak datoz gero. Gehienez ere, 6 izen eta abizen ipiniko dira, eta koordinatzailea azken lekuan. Horietarako gomendutako tamaina 40-60koa da; erakunderen bat edo beste tartean egonez gero, letra txikiagoan (30-50) jarri ohi da.

-Sarrerarako, gehienez ere, 200 hitz erabiltzea gomendatzen da, eta letraren tamaina, 40 puntukoa.

-Metodologiarako ez erabili 200 hitz baino gehiago.

-Emaitzak adierazteko, konbinatu taulak eta grafikoak. Horiek guztiak ulergarriak eta adierazgarriak izan behar dira. Ez ahaztu grafikoetan tamaina eta garrantzia batera doazela. Testuak ere tarteka daitezke, baina ez da komeni 200 hitz baino gehiago erabiltzea.

-Ondorioak ateratzeko gomendatzen da 200 hitz, gehienez ere, erabiltzea.

-Erreferentzia bibliografikoak.

-Azkenean, esker onak (gehienez ere 30-40 hitz) eta helbide elektronikoa edota fisikoa.