Konektore diskurtsiboak


Diskurtsoaren markatzaileez jakin behar duzu:

ZER DIREN KONEKTORE DISKURTSIBOAK

Diskurtsoaren markatzaileak:

  • Testu zatien arteko lotura semantiko eta logikoa dira
  • Testua egoki ulertzen eta interpretatzen laguntzen dute
  • Testuaren informazioa kohesionatu eta antolatzen dute

Dena den, ez ahaztu informazio koherentea osatzeko, diskurtso markatzaileez gain, gure errealitatearen gaineko ezagutza ere kontuan izan behar dela. Hori guztiz kulturala da.  Hobeto ulertzeko, irakurri hurrengo esaldiak.

  1. Bilbon, eguraldia euritsua da; hori dela eta, turismo hiri garrantzitsua da.  
  2. Bilbon, eguraldia euritsua da; baina, hala ere, turismo hiri garrantzitsua da.    

Lehenengo esaldian, perpaus zati biak ulergarriak dira, baita markatzaileak ere; baina ulergaitza suertatzen zaigu. Ulergaiztasuna ez dator gramatikaren aldetik, semantikaren aldetik baizik. Gure munduaren ezagutzak, hots, ideiek eta topikoek adierazten  digute esaldia ez dela egokia.  Hainbaten ustez,  eguraldi euritsua ez da arrazoi nahikoa hiria erakargarria izateko. Bai, ordea, Guggenheim museoa edota pintxoak, baina ez eguraldia. Horren ordez, ulergarriagoa suertatzen zaigu bigarren esaldia:

Bilbon, eguraldia euritsua da (ez da paseoan aritzeko eguraldia egokiena); baina, hala ere (hala izan arren), turismorako hiri erakargarria da.

Erreparatu parentesien arteko informazioa ez dagoela agerian esaldian, baina guk hala interpretatzen dugu. Horrek laguntzen digu esaldia koherenteki (behintzat, gure testuinguruan) ulertzen.

KONEKTORE DISKURTSIBOEN SAILKAPENAK

Diskurtso markatzaile guztiek informazioa antolatzen eta ulertzen  laguntzen digute. Badaude, alde batetik,  perpausak eta paragrafoak elkarren artean lotzen dituztenak; eta bestetik, perpaus barneko esaldi zatiak uztartzen dituztenak. Talde bien arteko ezberdintasun nagusia  esaldien barneko mobilitatea da. Hala, lehendabizikoek ez ohi  dute, bigarren taldekoek bezala,  leku jakin bat perpausean.

Edozelan ere, lan akademikoetarako erabilgarriagoa  da bestelako sailkapena, alderdi pragmatikoa eta semantikoa kontuan izaten duena, hots, informazioaren “kudeaketa eraginkorrean” oinarritzen denaEsan bezala,  lan akademikoetan azaldu eta argudiatu behar da, eta beti,  irakurleek ulertzeko moduan . Argi geratu behar dira, beraz,  kausak, horietatik ateratzen diren ondorioak, baita horiek defendatzeko eskainitako argudioak eta kontra-argudioak ere. Hori guztia oso  garrantzitsua da azken helburua lortzeko: irakurlea jabetzea gure lanaren seriotasunaz eta egiantzaz, horrela baino ez dugulako lortuko   giza-errekonozimendua edo heziketa-komunitatearena. Hori guztia lortzen lagunduko digute markatzaile  eta konektore diskurtsiboek.

Konektore eta markatzaileetan bereiztuko ditugu:

  1. KONTRAARGUMENTATIBOAK
  2. KONTSEKUTIBOAK/KAUSALAK
  3. EMENDIOZKOAK
  4. IRUZKINGILEAK

ARGUMENTATIBOAK ETA KONTRAARGUMENTATIBOAK

ARGUMENTATIBOAK ETA KONTRAARGUMENTATIBOAK

Informazio atalen arteko    kontrakotasuna edo aurkaritza adierazten dute.

  1. KONTSESIBOAK:  NAHIZ ETA; ARREN; BA…ERE; -TA/-RIK ERE… Informazio nagusia gertatzeko oztopo ia gaindiezina aurkezten dute.  “NAHIZ ETA  izugarri gustatzen zaidan, oso garestia da.” (Erkatu “BAINA” konektorea  daukan esaldiarekin.)
  2. HAUTAKARIAK. Informazio zati bat aurkezten dute, beste informazio zati bati kontrajarrita: BESTELA, OSTERANTZEAN, GAINERAKOAN… Bi testuingurutan erabiltzen dira: baldintzazkoaren sinonimo gisa  (lehen zatia gertatzen bada, bigarrena gertatuko da) eta “baina” konektorearen baliokide  gisa. Idazlana agindutako egunean aurkeztu beharko duzu; OSTERANTZEAN, irakasleak ez dizu  hartuko.”;Ez zituen jostailuak batu nahi; BESTELA, ondo portatu da Josu” (Gramatika eta ariketak II liburuko adibideak).
  3. AURKARITZAZKOAK
  • Aurreko informazioarekiko kontrastea azpimarratzeko edo aurretik esandakoa matizatzeko: ORDEA, ALDIZ, OSTERA, AITZITIK…; Hau asko gustatzen zait; beste hori, ORDEA, batere ez“.
  • Aurkakotasun  maila gorena. Informazio zatiak kontrajartzen ditu, zati bat bestearen gainetik jarriz: BAINA ; “Jantzi oso garestia da, BAINA izugarri gustatzen zait” (Dendari batek hori entzungo balu, poztuko litzateke oso, erosleak  seguru aski erosiko lukeelako jantzia )
  • Aurkakotasun maila apala. Informazio zatiak kontrajartzen ditu, baina maila informatiboan utziz, informazio zati bat bestearen gainetik jarri gabe: HALA ETA GUZTIZ ERE, HALA ERE, ALABAINA, NOLANAHI ERE/EDOZELAN ERE/EDONOLA ERE; DENA DEN“Jakinaren gainean dagoela uste dut; DENA DEN, bihar berriro esango diot” (Gramatika eta ariketak II  liburuko adibidea). Forma jasoagoak izan ohi dira.

KAUSALAK ETA KONTSEKUTIBOAK

KAUSALAK ETA KONTSEKUTIBOAK

Bai kontsekutiboek, bai kausalek kausa-ondorio erlazioa adierazten dute. Aipatu erlazioan, kausalek  kausa azpimarratzen dute; kontsekutiboek, ordea, ondorioa. Horren ondorioz, bai kontsekutiboak, bai kausalak ohikoak dira argudio testuetan.

Dirurik ez daukadaNEZ, ezin izango naiz oporretan kanpora joan.”

Ez daukat dirurik; HORREN ONDORIOZ,  ez naiz oporretan kanpora joango”

KAUSALAK

  1. ARRAZOIA azpimarratzen dute: IZAN ERE; ZEREN ETA… “Gazte asko kanpora doaz lan egitera; IZAN ERE, hemen ez dute lanik aurkitzen, behin ikasketak bukatuta“.
  2. Ondorioa aipatu ondoren, horren KAUSA azpimarratzen dute. Lotura logiko-kausala da; eta  kausa  arrazoizkoa edo zentzuzkoa izan behar da: HORREGATIK, HORI DELA ETA…(kohesio-mekanismo onak dira bere balio anaforikoarengatik:hori).

KONTSEKUTIBOAK 

  1. Ondorioztatzen den informazioa azpimarratzeko erabiltzen dira. ONDORIOA da informazio nagusia: HORREN ONDORIOZ, HORRENBESTEZ…  (kohesio mekanismo onak,  bere balio anaforikoarengatik:hori): “Diru gutxi irabazten dugu; HORREN ONDORIOZ, diru-laguntzak eskatu beharko ditugu”.
  2. ONDORIO LOGIKOA denean, hots, arrazoitzearen bidezko ondorioa denean erabiltzen dira: BERAZ, HORTAZ… “Lander jarri diote izena; BERAZ, mutikoa da.”(Gramatika eta ariketak II  liburuko adibidea)
  3. ONDORIO ONARGARRIENA EDO SINESGARRIENA denean, baina ez, ondoriozta daitekeen bakarra: ORDUAN, BADA… “Euritako hau ez da zurea? ORDUAN/BADA  Nerearena da.” (ORDUAN, maiz, denbora adierazteko erabiltzen da: “Ane iaz ikusi nuen; ORDUAN,  ile luzea eta tindatua zeraman.”) (Gramatika eta ariketak II  liburuko adibidea)

EMENDIOZKOAK

Lan akademikoetan argudiatu eta informatu behar da. Horretarako,   konektore argumentatiboak eta kontraargumentatiboak garrantzitsuak dira, baina, baita emendiozkoak ere.  Emediozkoek  informazioa erantsiko  dute, baina ez edozein informazio,  hari tematikoari eutsiko diona baizik.  Informazio hori, gainera,  progresiboki gaineratuko da, garrantzitsuena beti bukaeran jarriz. Horregatik, esan ohi da argudiatzeko ere balio duela, norberak aukeratzen duelako zer jarri bukaeran.

Erkatu perpaus biak:

Amaiak yoga egiten du goizero; astean hirutan, gimnasiora doa; eta asteazkenetan, tenisean aritzen da. HORREZ GAIN, asteburuetan herriko gailur altuenetara igotzen da” (Manual práctico de escritura académica liburuko adibidea)

“(…). HORREZ GAIN, asteburuetan abenturazko filmak ikusten ditu”

Lehendabiziko esaldian, emendiozko konektoreak eusten dio hari tematikoari (Amaia oso kirolari iaioa da); bigarrenean, ordea, esaldia ulergaitza  suertatzen zaigu, ez baita ulertzen informazio progresioa.

  • GAINERA. Hari tematikoaren ildotik, informazio garrantzizkoena sartzen du: “Alberto gaizkilea da: auzokideak izorratzen ditu; txakurra jotzen du; eta GAINERA, emazteari izugarrizko jipoiak ematen dizkio.” (Manual práctico de escritura académica liburuko adibidea)
  • BESTALDE.  Informazioa gaineratzen du,  baina garrantzitsuena  nabarmendu barik,  alderdi edo ikuspuntu berria  gaineratzen du: “Beharrezkoa da, BESTALDE, neurriak hartzea alkoholaren eta drogen kontsumoaren aurka.”
  • HALABER, ERA BEREAN, OROBAT. Gaineratutako informazioa maila berean uzten du [Baita  “X” ere]: “Lehorte hau ez da normala; ez da normala, HALABER, bero hau urte sasoi honetan.”
  • ALDE BATETIK, BESTETIK, BESTE ALDE BATETIKMatizazio edo iruzkin (azpi-iruzkin) berria gaineratzen dute, betiere, hari tematikoari eutsiz. Horrez gain, informazioa antolatzeko eta banatzeko balio dute. Esan daiteke, beraz, argudiatzeko baliabidea  ere izan daitekeela, informazio hautaketa eta hierarkizazioa berekin dakartzalako.

IRUZKINGILEAK

Iruzkingile ohikoenak:

  • HAIN ZUZEN (ERE). Informazio progresio tematikoa adierazten du, aurretik esandakoa zehaztuz: “Azkenik, VI. Kapituluan, teknologia berriek hezkuntzaren garapenean izan dezaketen eragina aztertuko da; HAIN ZUZEN ERE,  ordenagailuaren eta Interneten eragina.” (Goi mailako euskara lantzen liburuko adibidea)
  • HAU DA. Identitatezko erlazioa ezartzen du: “Denok ez gara berdinak, HAU DA, bakoitzak bere izaera du” (Goi mailako euskara lantzen liburuko adibidea)
  • HOTS, ALEGIA. “Hitz batean, berba batean” adierazten dute: “Aitorren izebak, HOTS, Amaia Aguirrek, erakutsi zizkigun euskal dantzak.”(Goi mailako euskara lantzen liburuko adibidea)
  • ADIBIDEZ, HALA NOLA, BESTEAK BESTE, ESATERAKO, ESATE BATERAKO, KASURAKO. Aipatu multzoko elementu batzuk aurkezten dituzte: “Euskara lantzeko eta ikasteko, literaturarik ederreneko testuez baliatu izan dira behin eta berriro, BESTEAK BESTE, Atxagaren eta Sarrionandiaren nobelez.” (Goi mailako euskara lantzen liburuko adibidea)