Iritzi artikuluek zein egitura duten


Iritzi artikulua idatzi aurretik kontuan izan behar duzu:

Osagaiak zeintzuk diren

Iritzi artikuluen xede komunikatiboa  informatzea dabaina ez informatze aldera, iritzi pertsonala indartzeko  eta sendotzeko  baizik. Azken finean, xede bakarra dugu, limurtze prozesu landu baten bitartez, irakurleak gure moduan pentsatzea . Horrek esan nahi du azalpenezko testuak tarteka-marteka  erabiliko direla, baina, betiere,  argudiatzearen zerbitzuan; izan ere, egunerokotasun handiko gertakariaren aztertze pertsonala eskaintzen ari zara. Kontzeptu, datu edota gertakizun horiek azaltzeko, bestalde, informazioa antolatu beharko duzu, horretarako hautatutako pentsabide logikoari jarriki.

Oro har, idazten eta argumentatzen  hasi baino lehen, komeni da:

  • kontu polemikoa mugatzea
  • testuingurua aztertzea: noiz, non, nork eta norentzat idazten duen
  • zure jarrera edota pentsamodua zehaztea
  • kontrako argudioetan pentsatzea. Horretarako, baloratu beharko duzu zein argudio erabil lezakeen  aurkari batek (benetako edo asmatu batek) zuri aurre egiteko . Horrek lagunduko dizu  limurtze prozesua zehazten eta gorpuzten.
  • limurtze prozesua eraikitzea

Hori guztia zehaztu beharko da idazkian. Iritzi artikuluetan, beraz, esatariak testuinguru bateko gertakari bat gai gatazkatsu bihurtuko du, gaiaren ikuspegi propioa garatzen duen bitartean, pentsabide mota bati (xede argumentatibo bati) eutsita.

Xede argumentatibo /arrazoibide tipo eta egitura motak

Logika argumentatiboaren arabera, eta dedukzio/indukzio mugimenduei jarriki,  hiru modutara eraiki dezakezu arrazoibidea:

– Justifikazio bidezko estrategia erabiliz: Aldez aurretik adierazitako  tesia argudioen bidez  justifikatzen duzunean.

– Eztabaida bidezko estrategia erabiliz: aldeko eta kontrako argudioak kontrajartzen dituzunean, nahita, zuri interesatzen zaizkizunak nabarmentzeko eta irakurlea zuk zeuk  ondorioztatu nahi duzunera heltzeko.

– Deliberazio bidezko estrategiak erabiliz. Aldez aurretik tesia aipatu barik,  irakurleak egin beharreko arrazoibidea  bideratu eta pixkanaka eraikitzen  duzunean.

Xede argumentatiboaren arabera, egiturak izan daitezke:

1.- ARGUDIO BIDEZKO EGITURA

  • Objektua– argumentazio gaia
  • Tesia
  • Premisak/datuak
  • Tesiaren aldeko argudioak
  • Amaiera. Tesiaren berrespena

2.- EZTABAIDA BIDEZKO EGITURA

  • Objektua
  • Tesia
  • Kontrako tesia
  • Kontrako tesiaren argudioak- kontraargudioak
  • Kontraargudioen ezeztatzea
  • Premisak edo datuak
  • Proposatutako tesiaren aldeko argudioak
  • Amaiera

3.- DELIBERAZIO BIDEZKO EGITURA

  • Objektua
  • Premisak edo datuak
  • Argudioak
  • (Kontraargudioak)
  • Tesiak edota ondorioak
Baliabide linguistikoak eta diskurtsiboak

Tesia indartzeko baliabide ugari dituzu:

– Kontraste bidezko estrategia edo “Tesis & Antítesis” egitura

Kontraste bidezko estrategian bereizten dira: kontraargudioaren aurkezpena, kontraargudioaren ezeztatzea, hasierako tesiaren sendotzea. Estrategia honen bitartez, lortuko duzu informazioa antolatzea eta  irakurleak arreta garrantzizko ideietan baino ez finkatzea. Horretarako, kontrastearen estrategia erabiltzen da. Bertan, ezeztatzen dira aurkako ideiak,  eta gero, aldekoak aztertu. Bestera esanda, lehendabizi, antitesia jartzen da edo polo negatiboa,  eta gero, tesia  edo polo positiboa, hau da, defendatu nahi dugun ikuspuntua. Horretarako, oso egokiak dira perpaus kontsesiboak edo aurkaritzazkoak, egitura horien bidez, ikuspuntu bat besteari gailentzen zaiolako.  Suerta daiteke, inoiz, egitura hauek erabiliz, informazioa erredundantea izatea; eta bai, hala da.  Baina,  argumentaziorako oso egokia da informazio errepikatze hori, interesatzen zaigun ikuspuntua nahita nabarmentzen dugulako.

Informatze maila bera dugu, lehendabizi, tesia (polo positiboa) adierazten bada, eta gero antitesia (polo negatiboa). Baina, horrela argudioaren  alderdi polemikoa leuntzen da. Hau guztia kontuan izan beharko duzu, idazkian osoan eutsitako tonu argumentatiboa zehazten duelako.

– Adibidegintza

Adibideek, oro har,  tesiaren sendotze prozesuan lagunduko dizute . Horretarako, batzuetan, arrazoibiderako beharrezkoa den generalizatzea eraikitzeko balio dezakete; eta beste batzuetan, tesia justifikatzeko edota azaltzeko. Ia beti, lehendabizi, tesi orokorra adierazten da; jarraian, adibideak;   gero,   aipatu tesiari, berriz ere, heltzeko.

– Premisak: Garai eta gizarte batean onargarritzat jotzen diren baieztapenak dira.

– Ideologemak: Garaian garaiko ideiategiak  eta terminologia dira.

– Iritzia pizkanak garatzea, hasierako tesia poliki-poliki sendotzeko asmoz. Sendotze prozesu horrek aurrera egin dezan,  ohikoa da konfirmatzea aurreko esaldiaren egiazkotasuna. Horretarako, “horixe da”,”hain zuzen ere”,”areago”, “are gehiago” eta horrelako esapideak erabiltzen dira. Era horretan, idazleak eraikiko du sekuentzia bat, zeinetan baieztapen batetik egiaztapen batera pasatzen den. Horrek eramango du irakurlea gure ikuspuntua errezago onartzera.

– Tartekako eta amaierako ondorioak egitea, baita konektoreak ere erabiltzea, oinarrizko informazioa jasotzeko, eta,  bide batez, irakurlearen arreta ez desbideratzeko. Horretarako,  “edozelan ere”, “edozein modutan ere” , “dena dela”, “edozein delarik ere”… konektoreak erabiltzen dira. Horiek guztiak erabiltzen dira aurreko guztia orokortzeko, eta atzekoari bidea egiteko, horixe baita guri azpimarratzea interesatzen zaiguna.