Azalpen testuen gainean jakin behar duzu:
AZALPEN TESTUEN HELBURU KOMUNIKATIBOA
Azalpen testuen helburu komunikatiboa da informatzea, hots, irakurlearen ezagautza maila aldatzea (hobetzea), egitura argia eta ulerterraza erabiliz.
Edozein idazki egitean bezalaxe, idazten hasi baino lehen, pentsatu beharko duzu: zer komunikatu nahi duzun, norentzat idatziko duzun eta zein testuingurutan. Horrek zehaztuko du idatzi beharreko testua.
AZALPEN TESTUEN EZAUGARRI NAGUSIAK
- Testuak egitura argia eta ulergarria (irakurleak ulertzeko modukoa) izan behar du eta hurrenkera logikoari eutsi beharko dio.
- Azalpen testuak badu, berez, kontakizun, definizio edota deskribapenarekin zerikusia. Horietaz guztietaz baliatu beharko zara gaiaren gaineko ikuspegia garatzeko. Helburu hori lortzeko, lehenengo eta behin, helburuak finkatuko dituzu. Jarraian, eta , betiere, horien arabera, informazioa hautatu, bildu eta aztertuko duzu. Gero ondorioak atera beharko dituzu eta gaiaren gaineko ikuspegi berria azpimarratu.
- Informazioa modu koherentean antolatu behar duzu. Horretarako, erabili ahal duzu: antolaketa induktiboa (zehatzetik orokorrera/generikora/abstraktura); antolaketa deduktiboa (orokorretik zehatzera).
- Zaindu hiztegia, erregistroa eta tonua.
- Izan zaitez zehatza
- Saihestuko dituzu: informazio saltoak; zehaztasunik eza; antolaketa nahasia; maila berean ez dauden ideiak/kontzeptuak parekatzea (hierarkizazio desegokia)
- Saihestu anbiguotasuna lexikoan, definizioetan, kontzeptuetan…
- Objektibitatea/subjektibitatea. Irakurleak testu objektiboa espero du, horrek seriotasun zientifikoa eskainiko diolako idazkiari. Dena den, memorietan, objektibitatea azalekoa baino ez da, datu enpiriko batzuen balorazio pertsonalaren eskutik baitator. Hori dela eta, singularreko lehen pertsonaren erabilera onartzen da, pluralekoarekin tartekatuta. Forma inpertsonalak ere pasarteren batean edo bestean erabiliko dituzu, objektibitatea nabarmendu nahi duzunean. Ez ahaztu, edozelan ere, lehen esandakoa, hots , berez, azalpen testuak inoiz ez direla erabat objektiboak, informazio hautaketa batean oinarritzen direlako. Izan ere, idazten denean, beti, irakurlea limurtu nahi izaten da, eta arazoa idazleak ikusten duen bezala ikus dezan . Horrek esan nahi du, nahita, datu batzuk eskainiko direla; eta beste batzuk, ordea, isildu. . Horregatik, zaila da azalpen testu hutsa topatzea, argudio eta azalpen testuak tartekatu ohi direlako, maíz, idazkietan, nahiz eta horietako bat testuan nagusitu.
AZALPEN TESTUEN EGITURA
Azalpen testuen ohiko egiturak du:
- Sarrera. Zati honetan gaiaren aurkezpena egingo duzu. Saiatu, beti, gaia ongi egituratzen eta, ahal den neurrian, modu zuzenean eta interesgarrian heltzen. Komeni da garatuko diren alderdien aurrerapena egitea, irakurleak jakin dezan, uneoro, zer tratuko den eta zein hurrenkeratan. Horrek guztiak erraztuko dio irakurketa lana.
- Garapena. Zati honetan arazoari buruzko informazioa eskainiko duzu eta horretarako, arrazoiak, datuak, argibideak eta konponbideak agertu beharko dituzu. Gogoan izan, informazioa nahikoa eta argi egituratua izan behar dela, eta informazio hori guztia modu logikoan eta koherentean antolatu beharko duzula. Oro har, bide hauetako bat erabili ohi da, PREST Unibertsitateko komunikaziorako gaitasunen eskuliburuaren arabera: kronologikoa (denbora-hurrenkeraren araberarakoa); analitikoa (gaiaren hainbat alderdi aztertzen dituena); kausa-ondoriozkoa; aurkaritzazkoa (hipotesi, iritzi edo datu kontrajarriak aztertzeko egokia)
- Amaiera. Zati honetan azalpenean emandako datuetatik ateratako ondorioen laburpena eta ideien sintesia jaso beharko dituzu. Ondorioetan ere erantsi ahal dituzu aurreikuspenak: ikuspegi berriak zabalduko dituen azterbideak, lantzeke gelditu diren alderdiak, gaiak aurrerantzean hartuko duen noranzkoa, eta abar.
Gogoan izan, azalpen testu hutsa zaila dela topatzen. Ez kezkatu argudio testuak eta azalpen testuak «nahasten» ari bazara. Egia esan, horrela agertu ohi dira ia beti, nahiz eta, helburu komunikatiboaren arabera, horietako bat bereziki nagusitu.
AZALPEN TESTUAK EGITEKO BALIABIDEAK
Zenbait baliabide dituzu eskura:
- Erreformulazioak. Errekurtso hau erabiltzen da, aurretik esandako informazioa argitzeko edota osatzeko. Hori gertatzen da idatzitakoa oso ulergarri suertatzen ez denean, edo argitzea beharrezkotzat jotzen denean. Horretarako, konektoreak eta baliabide diskurtsiboak erabili beharko dituzu; adibidez: hau da, hots, zera da, beste era batean esanda, aurretik esandako guztia laburbilduz, hain zuzen ere… (Ikus. konektoreen atala)
- Adibideak. Errekurtso hau egokia da kontzeptu abstraktuak azaldu behar direnean, arazoa zehazten eta gorpuzten laguntzen dutelako. Dena den, kontuan izan behar duzu edozein adibidek ez duela balio. Denbora eman behar duzu, beraz, adibide egokienetan pentsatzen; izan ere, aukeratutakoak izan behar dira gutxi, baina oso adierazgarriak, hots, irakurleari ulertzen laguntzeko modukoak. Inoiz, adibideak barik, analogiak erabiltzen dira. Hauek ere gutxi, baina oso adierazgarriak izan behar dira. Gogoan izan, helburua ez dela testua hainbat xehetasunez edertzea, baizik eta irakurleari arazoa ulertzen laguntzea.
- Definizioak. Azalpen testuen helburu komunikatiboa irakurlearen ezagutza maila hobetzea denez, kontzeptu berri ugari agertu eta definitu beharko dituzu. Balizko irakurleen profilak eta testuinguruak zehaztuko dizute zenbat eta zein kontzeptu definitu beharko dituzun. Hori guztia baloratu beharko duzu, idazten hasi aurretik. Definizioetan hiru pausu jarritu beharko duzu: lehendabizi, identifikatu objektuaren/kontzeptuaren kategoria; gero, ezaugarri azpimagarriena aipatu; eta bukatzeko, xehetasunak adierazi.
- Aipuak. Adituen iritziak eta hitzak erabiltzea oso baliabide egokia izan ohi da. Horien bitartez, gaiaren gainean duzun ezagutza ona eta zehatza agerian geratuko da. Eta bestalde, objektibotasunaz eta egiantzaz hornituko duzu diskurtsoa. Horrela, seriotasun zientifikoa emango diozu idazkiari. (Ikus. informazio iturrien erabilera)
- Sailkapenak. Azalpenezko testuetan oso garrantzitsua izan ohi da informazioa antolatzea, hots, informazio nagusia eta bigarren mailakoa bereiztea. Horrek testua bera kohesionatzeaz eta bertako informazioa antolatzeaz gain, irakurleari ulermena erraztuko dio, uneoro, aurrea hartu ahalko diolako.