Aipuen, iturrien eta bibliografiaren erabileraz jakin behar duzu:
Ohikoa da edozein testu akademikotan adituen iritziak jasotzea. Hori egiteko arrazoiak hainbat dira. Hasteko, behar-beharrezko duzu elkarte zientifikoaren ezagutzaz baliatzea, bereziki, jorratu nahi duzun gaiaren gaineko aditu nagusien ekarpenak biltzea. Hori egiten duzun bakoitzean adierazi behar duzu noren iritzia, kontzeptua edota planteamendua erabili duzun. Alde batetik, adituei zor diegun zintzotasun intelektualagatik; eta bestetik, testua egiazkotasunaz eta kalitate zientifikoaz hornitzeagatik . Hain da erabakigarria dokumentazio iturrien erabilera, non bete-betean eragingo dion zure ikertzaile irudiari, baita besteek zutaz eraikiko duten iritziari ere. Horren arabera, elkarte zientifikoak aintzakotzat hartuko du zure ekarpena edo alboratu.
Aipamen bibliografikoek, bestalde, informatzeaz gain, lagunduko dizute argudio testua osatzen eta eraikitzen. Esparru bateko aditu nagusi baten aipua jasotzea argudi egoki eta egiazkoa da, beti. Horrela jokatuta, besteen balorazio polemikoak mugatuko dituzu, idazten duena ez baita testuan defendatutakoaren erantzule zuzena izango. Horrez gain, ideiak eta planteamenduak kontrajarri ahal dituzu eta ezkutuko kritikak egin. Gogoan izan kritika zuzenak ez daudela ondo ikusita kultura akademiko guztietan. Horregatik ezagutu behar dira zuk hautatutako hizkuntzaren kultura akademikoaren ekanduak. Ez ahaztu hori egitea, testuari itxura eman baino lehen.
Aipamenetan, testua osatzeko erabili eta esplizitoki aipatu dituzun ideien edo datuen jatorriaren berri emango duzu. Aipuen artean, bi mota bereizten dira: zehar-estiloko adierazpenak eta estilo zuzenekoak . Mota edozein delarik ere, aipatu behar duzu, beti, iturria eta haren nondik norakoaren berri eman. Horretarako, formatu bakarra ez dago:
(Idazlea urtea: orrialdea)
(Idazlea, urtea: orrialdea)
(Idazlea urtea, orrialdea)
(Idazlea, urtea, orrialdea)
Guztiak dira egokiak. Edozein hautatu baino lehen, galdetu zein nahiago duen zure tutoreak edota zure fakultateak. Eta, mesedez, ez ahaztu beti koherenteki jokatu behar duzula, hau da, hautatutako formatua gorde egin beharko duzula diskurtso osoan zehar.
Horrez gain, bibliografian edota ohar-oinetan ere jasoko dituzu iturriaren nondik norakoak, zure adierazpenaren eta idazkiaren egiazkotasuna bermatzeko modu bakarra baita.
Aipuak soilik saihestu ahal dira, garaian garaiko ideiategiak badira. Izan ere, badaude garaiaren arabera, elkarte zientifiko osoak onartzen dituen planteamenduak, ideiak edota kontzeptuak; eta horiexek dira, iturria zehazki aipatu gabe, testuetan erabili ahal direnak, baina salbuespenak baino ez dira.
- Aipamen testuala. Autorearen hitzez hitzeko aipua egin ahal duzu. Hiru lerrokoa baino gutxiagokoa bada, testuan txertatuta agertuko da ahapaldi berean eta kakotxen artean edo letra etzanez. Luzeagoa bada, hots, hiru lerrokoa baino gehiagokoa, beste ahapaldi batean egin behar da, eta, horrez gain, beste formatu batean: koska bat ezkerrean (sangría delakoa erabiliz), letra eta lerroarte txikiagoz.
- Parafraseatutako aipamena. Bertan autorearen hitzak parafraseatu ahal dituzu, eta zure hitzekin berregin, ahapaldi berean. Horretarako, idazkian txertatuko dituzu hurrengo esapideak : «…aren ustez/iritziz/aburuz»; «… aren arabera»; «…aren hitzetan/esanetan»; «X-ek dio».. eta apurketa gramatikalik egin gabe, arau sintaktikoak eta komuztadura (denbora eta persona) errespetatuko dituzu. Mota honetan ere, aurrekoan bezala, kontuan izango dugu aipuaren luzera (hiru lerrokoa baino gehiagokoa edo gutxiagokoa den), eta horren arabera, ahapaldi berean idatzi edota beste batean. Parafrasean kontuz ibili behar duzu eta, beti, errespetatu autorearen beraren interpretazioa.
Bukatzeko, kontuan izan aipu kantitatea aldakorra dela. Komeni da, edozelan ere, lan osoaren luzeraren araberakoa izatea. Hau da, zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta zehatzagoa izan beharko zara, eta, hortaz, aipamen gehiago beharko duzu. Lana oso luzea ez bada, ordea, ez duzu neurriz gain erabili behar.
Oin-oharrak informazio gehigarrirako erabiltzen dira. Batzuetan, idazkia egiteko erabili dituzun liburuen aipamen bibliografikoa baino ez da. Beste batzuetan, informazioa zabaltzeko erabiltzen da, hau da, testuaren gorputzean bertan lekurik ez duen informazioa sartzeko, baina lanerako interesgarri deritzozuna. Argi eta zehatz adierazi behar duzu aipatu informazioa. Saihestu behar da, edozelan ere, oin-ohar luzeak eta ugariak egitea, horrek idazkiaren irakurketa zailduko bailuke.
Bibliografian jasoko dira lana egiteko erabili dituzun liburuen izenburuak edota helbide elektronikoak. Gogoan izan ez dela dokumentazio iturriak agertuko diren leku bakarra. Izan ere, aipu eta oin-oharretan ere ager baitaitezke. Hori guztia behar-beharrezkoa duzu idazkia kalitate zientifikoaz hornitzeko.
Argitalpenak alfabetikoki antolatu behar dituzu, autorea eta argitalpen-data kontuan hartuta, eta autore baten liburu bat baino gehiago aipatuz gero, kronologikoki ordenatu. Urte berekoak direnean argitalpenak, ordea, a,b… hizkien bidez adieraziko dituzu.
Dena den, kontuz ibili, bibliografia idazteko modu bateraturik ez dagoelako. Zerrendatzen hasi baino lehen, galdetu tutoreari edota unibertsitateko ardunadunari, argitzeko zein eredu (bi dira: metodo kontinentala eta metodo anglosaxoian) nahiago duten. Berez, eredu batetik besterako aldeak ez dira oso ugariak ,baina, bai, nabarmenak. Jokatu, beti, koherenteki eta eutsi eredu berberari idazki osoan zehar.
Lagungarria izan dakizuke jakitea, bibliografía osatzeko, horrela jokatu ohi dela:
Argitaratutako liburuak aipatzeko:
- Argitalpenak autore bakarra duenean:
ABIZENA, I. (Argitaratze urtea). Liburuaren titulua (letra etzanez). Publikazio lekua: Argitaletxea.
- Argitalpenak autore zehatzik ez duenean:
ERAKUNDEA (Argitaratze urtea). Liburuaren titulua (letra etzanez). Publikazio lekua: Argitaletxea.
- Anonimoa denean:
Liburuaren titulua (letra etzanez). Publikazio lekua: Argitaletxea (Argitaratze urtea).
- Autore bat baino gehiago duenean: Bi edo hiru autoreduna:
ABIZENA, I; ABIZENA, I; ABIZENA, I (Argitaratze urtea). Liburuaren izenburua (letra etzanez). Publikazio lekua: Argitaletxea.
hiru baino gehiagoduna:
ABIZENA, I et al (Argitaratze urtea). Liburuaren izenburua (letra etzanez). Publikazio lekua: Argitaletxea.
- Autore batzuk eta koordinatzaile bakarra dagoenean:
ABIZENA, I. (koor.) (Argitaratze urtea). Liburuaren izenburua (letra etzanez). Publikazio lekua: Argitaletxea.
2.- Argitaratutako artikuluak aipatzeko:
ABIZENA, I. (Argitaratze urtea). «Artikuluaren titulua» (kakotxen artean). In ABIZENA, I (urtea): Liburuaren titulua. Argitalekua: Argitaletxea.
3.- Iturri elektronikoak aipatzeko, berdin jokatzen da, hau da, arauak berberak dira. Amaieran, ordea, lotura edo helbide elektronikoa gaineratu beharko duzu, baita kontsultatu den azken data adierazi ere (parentesien artean).