Testuingurua eta entzuleria aztertu ondoren, ahozko diskurtsoa planifikatu eta entseatu beharko duzu, harik eta ahozko jarduera egokia eta arrakastatsua osatu arte. Horretarako, lagungarri izan dakizkizuke ondoko estrategiak:
–
Diskurtsoaren eta testuinguruaren arteko elkarreragina sustatzeko, eta bereziki, entzuleak motibatu eta diskurtsoan inplikatzeko, kontuan izan beharko duzu:
- Entzuleek gaiaz duten ezagutza, eta hitzaldian jarrita dituzten espektatibak. Kasu askotan, entzuleriaren arreta bereganatzeko, bizitza errealeko kontuak, txisteak, anekdotak… erabili ditzakezu . Horrela bete-betean sartuko dituzu entzuleak diskurtsoan .
- Deixiak: pertsonalak (bokatiboak eta izenordainak: zuek, entzuleok…); denborazkoak (denborazko adberbioak: orain, gaur, une honetan…); espazialak (lekuzko adberbioak: hemen, hor, irudi honetan…)
- Ez ahozko elementuak: keinuak, begiradak, mugimenduak, jarrera, ahozkera (intonazioa, erritmoa). Hauek guztiek lagunduko dizute esaten ari zarena enfatizatzen, eszenifikatzen eta informazioa argitzen.
Diskurtsoan, garrantzitsua da informazioa dosifikatzea eta, batez ere , informazio nagusia azpimarratzea, entzuleek mezua hobeto ulertu/antola dezaten. Horretarako, baliagarriak izan dakizkizuke:
– Enfatizatzeko baliabideak. Besteak beste, erabil ditzakezu: hitzen hitzezko errepikapenak, enfatizatzeko edota intentsitatea emateko; galdera erretorikoak, gaian aurrera joateko edota kontzeptu abstraktoak azaltzeko. Horien guztien bitartez, entzuleriaren arreta fokalizatuko duzu eta informazio nagusia azpimarratu.
– Eduki tematikoaren garrantzia adierazteko markatzaileak; adibidez: garrantzitsua, oinarrizkoa…
– Prosodia: intonazioa, ahozkeraren intentsitatea, erritmoa… Hauek guztiek balio dute enuntziatzaileak gaiarekin duen jarrera adierazteko eta, batez ere, ideien hierarkizazioa nabarmentzeko.
Diskurtsoan informazioa progresiboki adierazi beharko duzu, tarteka-marteka diskurtsoa gelditu edota moteldu, kontzeptu edota ideia berrien ulermena errazteko. Horretarako, erabil ditzakezu:
– Erreformulazioak edo enuntziatu baten azalpenezko parafrasia. Horien bidez, informazio antzekoa eskaintzen da, baina sintaktikoki desberdin formulatuta.
– Definizioak. Definizio egokiak osatzeko, objektuaren talde generikoa adierazi beharko duzu, eta horrez gain, berezko ezaugarriak zehaztu, talde bereko beste elementuetatik espreski bereizten dutenak.
– Adibideak. Gogoan izan behar duzu adibide batzuetatik arau orokorrak induzitu ahal direla edota alderantziz, hau da, arau orokorretatik kasu partikularrak ondorioztatu. Ez ahaztu hori guztia adibideak hautatzean.
– Analogiak, metaforak, konparazioak, paralelismoak... Horiek lagunduko dizute aldez aurretiko ezagutza edota esperientzia baliatzen eta, horrez gain, informazio berria ulertarazten.
Erabilitako bibliografia:
BRIZ, A. (koord.) (2008). Saber hablar. Madrid: Aguilar.
LLAMAS SAÍZ, C.; MARTÍNEZ PASAMAR, C.; TABERNERO SALA, C. (2012). La comunicación académica y profesional. Usos, técnicas y estilo. Pamplona: Thomson Reuters Aranzadi.
VILÁ I SANTASUSANA, M (koord.) (2005). El discurso oral formal. Contenidos de aprendizaje y secuencias didácticas. Barcelona: Graó.