Diskurtsoa eta pertsonen erabilera


Hiru  ahots mota daude enuntziatzailearen ahotsa (singularreko lehen pertsona); ahots sozialak (pluraleko lehen pertsona); eta azkenik, ahots pertsonalak (hirugarren persona).

  • Enuntziatzailearen ahotsa edo lehen pertsonaren erabilera. Memorietan, lan akademikoetan ez bezala, lehen pertsona ager daiteke, baldin eta burututako proiektu baten berri ematen bada. Lehen pertsonaren erabilera, ordea, ez da hain ohikoa  burutu barik dauden egitasmoetan. Hala, gauzatutako proiektuetan subjektibitatea onartzen da; burutu bakoetan, ordea, objektibotasuna  bilatu nahi  izaten da, nahita.  Lehen personaren agerpena, ordea,  ez da testuinguru bakar horretara mugatuko. Izan ere,  lehen pertsonaren erabilera  onargarria da, testuaren antolaketaren berri emateko (sarreran) edota, ondorioetarako, baina ez beti, askotan pluralekoa (gu) nahiago izaten delako.
  • Ahots sozialak. Lehen pertsona testuan  ez agertzeko,  ahots sozialak erabiltzen dira. Oro har, pluraleko lehen pertsona erabili ohi da edota forma pasiboak  eta inpertsonalak. Horiek guztiek ahalbidetzen dute  objektibotasunez jokatzea, agentea agerian ez dagoelako. Pluraleko lehen pertsona baliatzeak badu beste abantaila bat: irakurlearen atxikimendu-maila. “Gu” erabiltzean,  irakurleak  testuan bete-betean sartzeaz gain,  gure hipotesien/ideien/partaide egiten ditugu, euren atxikimendu-maila handituz. Horrek guztiak ekarriko du,  euren aldetik,  kritika zorrotzik ez egitea,  planteamenduen gatibu egiten ditugulako “gu” izenordaina erabiltzean.  Lehen pertsonaz baliatu nahi ez badugu, forma inpertsonalak (“proposamenak egin dira”) edota pasiboak (“proposamenak eginak izan dira”) erabil daitezke. Egitura hauek ezkutatu egiten dute agentea. Dena den, tentuz eta neurriz erabili behar dira,  moteldu egiten dutelako idazkera. Badaude, bestalde, beste trikimailu batzuk, singularreko lehen pertsonaren erabilera sahiesteko. Adibidez,  izen generiko eta erakusleak: “lan honetan”; “atal honetan”; “orri hauetan”… 
  • Ahots pertsonalak. Lan akademikoetan oso ohikoa da hirugarren baten esanak jasotzea. Adituen berbak jasotzeak  sinesgarritasunez eta objektibotasunez beteko du  idazkia, eta horrez gain,   lagunduko dizu argudio testu eraginkorra eraikitzen. (Ikus. aipuak eta iturrien erabilera) . Hauek  txertatu ahal dituzu estilo zuzena (bi punturen osteko aipua, hitzez hitzezkoa) edota zehar estiloa (-la; -nik…) erabiliz. Beste batzuetan,  nahiago izaten da, zehar estiloa barik,  esapideak erabiltzea (“Urliak dioenez”, “Urliaren arabera”…) edota ideia orokortua (garai bateko ideia orokorra; “Generatibisten garaian”). Bai batean, bai bestean,  autorearen , liburuaren eta argitaletxe/argitalurtearen berri eman behar da idazkian.

Bigarren pertsona ez da agerian izaten  memorietan. Hala ere, argi dago idazkia inplizituki testuinguru jakin bateko irakurle batzuei zuzentzen zaiela, eta are gehiago, irakurle horien profila, ezagutzak  eta interesak kontuan izaten direla memoriaren planifikazioan eta egikeran.

[/su_spoiler]