Azalpen testuaren egitura


Azalpen testuen gainean jakin behar duzu:

AZALPEN TESTUEN HELBURU KOMUNIKATIBOA

Azalpen testuen helburu komunikatiboa da irakurlearen  ezagautza maila aldatzea (hobetzea) . Hala, beti,  irakurlearen ezagutza faltari   konponbidea  eskainiko zaio eta horretarako egitura argia eta ulerterraza osatuko da, irakurleari ulermena uneoro errazteko. Aipatu zati horiek biek osatzen dute azalpen testuen egitura nagusia: arazoa/soluziobidea.

Edozein idazki egitean bezalaxe, idazten hasi baino lehen,  pentsatu beharko  duzu: zer komunikatu nahi duzun, norentzat idatziko duzun eta  zein testuingurutan.  Horrek zehaztuko du testu espezializatua (adituentzat  eta,  adibidez, artikulu edo monografía den)  edo dibulgatiboa (ez adituentzat eta, adibidez, erreportaia den) idatzi beharko duzun.

AZALPEN TESTUEN EZAUGARRI NAGUSIAK

Azalpen testuek konponbidea eskaintzen diote irakurleak duen ezagutza faltari. Helburu komunikatibo hori betetzeko:

  • Testuak egitura argia eta ulergarria (irakurleak ulertzeko modukoa) izan behar du eta hurrenkera logikoari eutsi beharko dio.
  • Azalpen testuak badu, berez,  kontakizun, definizio edota deskribapenarekin zerikusia. Horietaz guztietaz baliatu beharko zara gaiaren gaineko ikuspegia berritzeko, zabaltzeko edo aldatzeko. Helburu hori lortzeko,  lehenengo eta behin, helburuak finkatuko dituzu. Jarraian, eta , betiere,  horien arabera,  informazioa hautatu, bildu eta aztertuko duzu.  Gero ondorioak atera beharko dituzu eta  gaiaren gaineko ikuspegi berria  azpimarratu.
  • Informazioa modu koherentean antolatu behar duzu. Horretarako, erabili ahal duzu: antolaketa induktiboa (zehatzetik orokorrera/generikora/abstraktura); antolaketa deduktiboa (orokorretik zehatzera); antolaketa paraleloa (gai bakarraren gaineko sailkatze gabeko alderdien antolaketa); kontraste bidezko antolaketa (lan akademikoetan oso ohikoak dira; izan ere, horrelakoetan bi entitate, fenómeno, errealitate elkarrekin erkatu ohi dira, bien arteko antzak eta desberdintasunak aipatzeko); antolaketa itxia (bertan autoreak, bukaeran, berriz ere aipatuko du azalpenaren hasierako baieztapena)
  • Zaindu hiztegia, erregistroa eta tonua.
  • Izan zaitez zehatza
  • Saihestuko dituzu: informazio saltoak; zehaztasunik eza; antolaketa nahasia; maila berean ez dauden ideiak/kontzeptuak parekatzea (hierarkizazio desegokia)
  • Saihestu  anbiguotasuna lexikoan, definizioetan, kontzeptuetan…
  • Saihestu subjektibitatea. Irakurleak testu objektiboa espero du, eta horrelaxekoa da zuk eskaini behar diozuna. Horregatik, singularreko lehen pertsonaren erabilera saihestuko duzu; horren ordez, pluralekoa erabili edo forma inpertsonalak. Dena den, onartu behar da azalpen testuak  ez direla inoiz erabat   objektiboak,  informazio hautaketa batean oinarritzen direlako. Horrek esan nahi du, nahita, datu batzuk eskainiko direla;  beste batzuk, ordea, isildu. Azken finean, beti, idazten denean, jendea konbentzitu nahi izaten  da, edo behintzat, arazoa ikustea idazleak ikusten duen bezala. Egia esanda, zaila da azalpen testu hutsa topatzea, argudio eta azalpen testuak tartekatu ohi direlako maiz idazkietan, nahiz eta horietako bat testuan nagusitu.
AZALPEN TESTUEN SAILKAPEN MOTAK

Azalpen testuen ezaugarri nagusia informazioa trasmititzea da, eta irakurlearen jakinmina asetzea, arazoaren konponbidea edota ikuspegi berria eskainiz. Hori dela eta,  oso garrantzitsua da irakurlea eta testuingurua baloratzea, idazten hasi baino lehen. Izan ere,  irakurleak zer jakin nahi duen, horixe komunikatu behar da. Horrek esan nahi du irakurlea aditua bada, testuak, adibidez, lexiko teknikoa izango duela eta egitura konplexua. Ezaugarri horiek ez ditugu izango, ordea,  irakurlea aditua ez denean. Beraz, beti  egokitu behar zara irakurleak duen ezagutza mailara. Horrela baino ez duzulako beteko  zure helburu komunikatiboa: irakurlearen ezagutza maila hori aldatzea (hobetzea).

Horregatik guztiagatik, bi azalpen testu mota daude:

  • Dibulgazio-testuak. Azalpen testu hauek  egokiak dira irakurlea aditua ez denean. Oro har, lexiko nahiko orokorra (ez oso teknikoa) izan ohi  dute,  eta  egitura argia eta ulerterraza,  irakurle guztiek ulertzeko modukoa. Oso ohikoak dira komunikabideetan; adibidez: erreportaiak.
  • Testu espezializatuak. Azalpen testu hauek egokiak dira irakurleak nolabaiteko ezagutza maila duenean. Oro har, lexiko teknikoa eta zehatza dute, eta egitura konplexuagoa, idazleak badakielako irakurleek ulertuko diotela. Adibide ona izan daiteke  unibertsitateko edozein ikasgaitarako darabilzun testu liburua.
AZALPEN TESTUEN EGITURA

Azalpen testuen ohiko egiturak  du:

  • Sarrera. Zati honetan gaiaren aurkezpena egingo duzu. Saiatu, beti, gaia ongi egituratzen  eta, ahal den neurrian, modu zuzenean eta interesgarrian heltzen. Horretarako, teknika ugari daude. Batzuetan,  gaiaren garrantzia eta gaurkotasuna azpimarratu ohi da; beste batzuetan, ordea, nahiago izaten da gaiaren definizioa ematea edota adituen aipuekin hastea. Ohikoa da, halaber, gaiaren aurrekariak aipatzea edota horren gainean nagusitu diren ikuspegiak.  Edozelan ere, komeni da garatuko diren alderdien aurrerapena egitea, irakurleak jakin dezan, uneoro,  zer tratuko den eta zein hurrenkeratan. Horrek guztiak erraztuko dio irakurketa lana.
  • Garapena. Zati honetan arazoari buruzko informazioa eskainiko duzu eta horretarako, arrazoiak, datuak, argibideak eta konponbideak agertu beharko dituzu, hasierako tesia/hipotesia berresteko. Gogoan izan,  informazio nahikoa eta argi egituratua izan behar dela,  eta informazio  hori guztia modu logikoan  eta koherentean antolatu beharko duzula. Oro har,  bide hauetako bat erabili ohi da, PREST Unibertsitateko komunikaziorako gaitasunen eskuliburuaren arabera: kronologikoa (denbora-hurrenkeraren araberarakoa); analitikoa (gaiaren hainbat alderdi aztertzen dituena); kausa-ondoriozkoa; aurkaritzazkoa (hipotesi, iritzi edo datu kontrajarriak aztertzeko egokia)
  • Amaiera. Zati honetan azalpenean emandako datuetatik ateratako ondorioen laburpena eta ideien sintesia jaso beharko dituzu. Ondorioetan ere erantsi ahal dituzu aurreikuspenak:  ikuspegi berriak zabalduko dituen azterbideak, lantzeke gelditu diren alderdiak, gaiak aurrerantzean hartuko duen noranzkoa, eta abar.

Gogoan izan,  azalpen testu hutsa zaila dela topatzen. Ez kezkatu argudio testuak eta azalpen testuak “nahasten” ari bazara. Egia esan, horrela agertu ohi dira ia beti, nahiz eta, helburu komunikatiboaren arabera,  horietako bat bereziki nagusitu.

AZALPEN TESTUAK EGITEKO BALIABIDEAK

Azalpen testuen bidez,  irakurleak  bere jakin-mina ase nahi du, eta bere ezagutza maila hobetu. Ez duzu ahaztu behar,   beraz, irakurleak azalpen testua ulertu nahi eta behar duela.  Hori lortzeko, zenbait baliabide dituzu eskura:

  • Erreformulazioak. Errekurtso hau erabiltzen da,  aurretik esandako informazioa argitzeko edota osatzeko. Hori gertatzen da idatzitakoa oso ulergarri suertatzen ez denean, edo argitzea beharrezkotzat jotzen denean. Horretarako, konektoreak eta baliabide diskurtsiboak erabili beharko dituzu; adibidez: hau da, hots, zera da, beste era batean esanda, aurretik esandako guztia laburbilduz, hain zuzen ere… (Ikus. konektoreen atala)
  • Adibideak. Errekurtso hau egokia da kontzeptu abstraktuak azaldu behar direnean, arazoa zehazten eta gorpuzten laguntzen dutelako. Dena den, kontuan izan behar duzu edozein adibidek ez duela balio. Denbora eman behar duzu, beraz, adibide egokienetan pentsatzen; izan ere, aukeratutakoak izan behar dira gutxi,  baina oso adierazgarriak, hots, irakurleari ulertzen laguntzeko modukoak. Inoiz,  adibideak barik, analogiak erabiltzen dira. Adibideekin gertatzen den bezala, ondo aukeratu behar dituzu: gutxi izan behar dira eta oso adierazgarriak. Ez ahaztu helburua dela irakurleari arazoa ulertzen laguntzea, eta ez, testua hainbat xehetasunez edertzea.
  • Definizioak. Azalpen testuen helburu komunikatiboa  irakurlearen ezagutza maila hobetzea denez, kontzeptu berri ugari agertu eta definitu beharko dituzu. Balizko irakurleen profilak eta testuinguruak zehaztuko dizute zenbat eta zein kontzeptu   definitu beharko dituzun. Hori guztia baloratu beharko duzu,  idazten hasi aurretik.   Definizioetan hiru pausu jarritu beharko duzu: lehendabizi,  identifikatu objektuaren/kontzeptuaren kategoria;  gero, ezaugarri azpimagarriena aipatu; eta  bukatzeko, xehetasunak adierazi.
  • Aipuak. Adituen iritziak eta hitzak erabiltzea,  oso baliabide egokia izan ohi da, objektibotasuna eta egiantza ekarriko diotelako testuari.  Horrez gain, gaiaren gainean duzun ezagutza ona eta zehatza agerian geratuko da.  Horrek guztiak seriotasun zientifikoa  emango dio zure idazkiari. (Ikus. informazio iturrien erabilera)
  • Sailkapenak. Azalpenezko testuetan oso garrantzitsua izan ohi da informazioa antolatzea, hots, informazio nagusia eta bigarren mailakoa bereiztea. Horrek testua bera  kohesionatzeaz eta bertako informazioa antolatzeaz  gain, irakurleari ulermena  erraztuko dio, uneoro,   antizipatu ahalko delako.

 

ADIBIDEAK

Irakurri Argia aldizkarian Nagore Irazustabarrenak idatzitako “Emozioek salduta” izeneko artikulua. Erreparatu erabiltako baliabideei.

Emozioek salduta. Argia