Argudio testuaren egitura


Argudio testuen inguruan jakin behar duzu:

– Zelan definitzen diren

– Zein den argudio testuen helburu komunikatiboa

– Zeintzuk diren argudio testuen ezaugarriak

– Zein egitura duten

– Zein motatako argudioak  dauden

DEFINIZIOA

Argudio testuetan eraikiko dituzu  kontrako eta aldeko arrazoiak, egiaztatu edo deuseztatu nahi dituzunean gertakizun, arazo edo fenómeno baten inguruko  tesi, iritzi edota usteak.

HELBURU KOMUNIKATIBOA

Argudio testu guztietan helburu nagusia da irakurlea limurtzea edota iritziz aldaraztea bere atxikimendua lortzeko asmoz. Lan akademikoetan zure tesien defentsa egin behar duzu, eta horretarako argudio sinesgarriak, arrazoiak eta frogak eskaini. Horrekin guztiarekin nahi duzu irakurleak (irakasleak, ikasleak, ikertzaileak…) zure ikerketaren seriotasunaz jabe daitezen eta merezi duzun errekonozimendua eskain diezazuten.

EZAUGARRIAK
  • Maila aski abstraktua du.
  • Argudioek hari logikoari (kausa-efektua/kausa-ondorioa)  jarraitzen diote
  • Igorlearen beraren planteamenduak eta ikuspuntua defendatu arren, ez da lehen pertsonaren arrastorik ikusten.  Subjektibitatea ekidin behar da. Horretarako, pluraleko lehen pertsona erabili ohi da. Horrekin guztiarekin objektibitatea lortu nahi da.
  • Erabili hizkera, egokia, zehatza eta konnotazio bakoa, interpretazioei biderik ez emateko, hots, adierazi, egiatan adierazi nahi duzuna.
EGITURA

Argudio testu  egokiak osatzeko komeni da bereiztea:

  • SARRERA: xedearen aurkezpena (gaiari heldu baino lehen, aurrekariak aipatu behar dira, testuingurua zehazteko) ; tesia (tesia eta hipotesiak aipatu behar dira eta bere garrantzia azpimarratu, irakurlearen arretagunea bihur dadin); garapen-plana (argudio-estrategia zein den eta lan akademikoa zelan antolatu den agertu behar duzu)
  • Argudioaren gorputza: zure ikuspuntua justifikatzeko kontzeptuak, datu, frogak… eskainiko dituzu zati honetan. Horretarako,  zure argudioen aldeko frogak, adibideak, datuak (zifrak) edo adituen iritziak baliatu ahal dituzu, baita kontrako ideiak/planteamenduak ere, baina, beti, zuk defendatu nahi dituzunak nabarmentzeko. Baliabide ona eta eraginkorra izan ohi da kontrako argudioak errefusatzea, zureak azpimarratzeko. Komeni da, edozelan ere,  informazioaren antolaketa zehatza egitea,  eta edukia gehiegi ez sakabanatzea, hots, ikerketaren ardatzetik gehiegi ez urruntzea, arrazoibidea gardena eta eraginkorra izateko.
  • OndorioakArgudioen datu edo ñabardurak eta arrazoien azalpena laburbiltzen dituen zatia da. Komeni da bukaera adierazgarria  izatea, gehiegizko errepikapenik bakoa eta   helburuak eta ondorioak ondo uztartzen dituena.

GOMENDIOAK:

  • Denbora hartu argudioak ondo eraikitzeko eta informazioa (kausalitatea) apurka-apurka adierazteko. Komeni da, hortaz,  informazio saltorik ez egotea,  horrek eramango lukeelako  irakurlea interpretazio propioa egitera. Horren ondorioz, kritika eta balorazio okerrak jasoko dituzu. Baloratu,  beti,  ikerketak edo lanak zein ondorio ekarriko dizun.
  • Ez ahaztu zure helburu nagusia dela irakurlea limurtzea. Hala, argudioak gaizki eraikiz gero edota informazioa gaizki kudeatuz gero, irakurleak ez du ulertuko zuk komunikatu nahi duzuna, eta horrez gain, kritika ugari jasoko duzu.
  • Jarri beti irakurlearen lekuan (zer dakien gaiaz, alde edota kontra izango duzun….) Horrela, errazago egingo zaizu irakurleak egin behar duen bidea ulertzea. Horrek guztiak lagunduko dizu argudio egokienak eraikitzen, eta bide batez, sahiestuko dituzu kritika asko.
ARGUDIO MOTAK

Baliabide ugari daude argudioak eraikitzeko. Hasi baino lehen, hausnartu eta pentsatu zer lortu nahi duzun, zein testuingurutan, eta nork irakurriko duen. Elementu horien guztien arabera, aukeratu argudiobide egokienak edota eraginkorrenak.

  • Autoritate-argudioak. Zure planteamenduak nabarmenduko dituzu aditu edo instituzio ospetsu baten iritziarekin bat badatoz. “Adituek defendatzen badute… inork ez dizu kontra egingo”. Argudio mota honetan hirugarren pertsona erabiliko duzu, adituen ahotsetan adieraziko duzulako defendatu nahi duzuna.
  • Iritzi orokorraren argudioa. Garaian garaiko  iritziak, baloreak edota printzipio etiko edo moralak dira, gizarteko gehiengo batek defendatzen dituenak. Argudio mota honetan pluraleko lehen pertsona erabiliko duzu. Horrela gizarte osoaren planteamenduaz jasotzeaz gain (ez da zurea soilik izango), zure iritzien partaide inplizitu bihurtuko duzu irakurlea . Horrek lagunduko dizu zure helburua lortzen:  irakurlea limurtzea,  eta,  bide batez, kritika gutxi jasotzea. Horrekin batera, egitura inpertsonalak edota pasiboak erabil ditzakezu. Horrela,  urruntasuna eta objektibotasuna lortuko duzu, ezaugarri biak interesgarriak lan akademikoetan.
  • Arrazoibidea. Argudio mota honetan giza-adimenaren logika naturala edota pentsabidea baliatzen dugu. Horretarako, oso erabilgarriak dira kausa-ondorio motako argudioak. Hauek korrelazioetan (kausalitatean)  oinarritzen dira: gertaera (evento) eta joeren (tendencia) artekoetan. Komeni da,  beti, azalpen onargarriena edota sinesgarriena erabiltzea, eta horretarako,  argudio deduktiboez  baliatu ahal zara.
  • Adibide bidezko argudioak (Adibidegintza). Zure tesia aberasteko edota indartzeko adibideak erabil ditzakezu. Komeni da adibideak ondo aukeratzea, horretarako egiazkoak eta erakusgarrienak hautatu. Horiek guztiek eramango dituzte irakurleak  generalizazioak  egitera. Ez ahaztu kontra-adibideetan pentsatzea, horrek lagunduko dizu ondorioak zehazten, mugatzen edo birplanteatzen. Behar izanez gero, analogiak ere erabil daitezke, baina, kontuz ibili, antzekotasuna (argudio mota honen funtsa) benetan nabaria izan behar da, argudio ona izan dadin.
  • Estatistikak ematea. Datuak, oro har,  argudio egokitzat jotzen dira. Erabili nahi izanez gero, aztertu ondo portzentaje totalak eta eskainitako adibideen kopurua.

GOMENDIOAK 

  • Hasi  baino lehen, aztertu ondo arazoa eta hausnartu, uste eta argudio onak- ulergarriak eta sinesgarriak- osatu arte. Horretarako, komeni da ondorioetatik– frogatu nahi duzunetik- hastea, eta gero pentsatzea zelan argudiatu. Garatu, beraz, pixkanaka zure argudioak, kontra-argudioetan pentsatuz, eta  erabili orden logikoena eta naturalena, premisen eta ondorioen arteko lotura inoiz ez galtzeko.
  • Informazioa ondo antolatu, ideia nagusiak eta garrantzizkoak ongi adieraziz, baita horietara heltzeko premisak ere.
  • Sahiestu gaingeneralizazioa. Adibide gutxitatik generalizazioa ateratzen denean, gaingeneralizazioa suerta daiteke. Horrela eginez gero,  arazoa,  nahita  edo nahi gabe,  sinplifikatzen da.
  • Baloratu kasualitatea argudioak eraikitzean. Maiz, lotura okerra eraikitzen da   kausalitatearen eta denbora pasatzearen artean, hots, zerbaiten ostean gertatzen bada, horrengatik gertatzen dela sinistu ohi da.
  • Zaindu tonua eta erregistroa.  Izan zaitez gizabidetsua eta ez erabili lengoaia alderdikoia.
  • Eskatu ikaskide bati edota tutoreari lan akademikoa irakurtzeko. Oro har, norberak idatzitako testua zuzentzea zaila da. Sarritan, zuk idatzitakoa ulertzen duzu, baina ez irakurleek, argudioak egoki adierazita ez daudelako, informazioa ondo antolatuta ez dagoelako,  edota tonua edo erregistroa egokia ez delako.  Horregatik, komeni da testutik urruntzea, testua osatzeko eta hobetzeko. Horretan, tutoreak eta ikaskideek lagundu ahal dizute. Ez izan beldurrik laguntza eskatzeko.
  • Ez etsi. Lan akademikoak ez dira errazak egiten eta bere denbora eta dedikazioa eskatzen dute. Eskain iezaiozu behar besteko denbora. Gogoan izan ezazu ikasbide hoberena dela norberak egiten duena. Hala, lan akademikoa burutzeak lagunduko dizu  ezagutza handitzen eta ikasbidea eraikitzen.
ADIBIDEAK

Irakurri Nerea Pikabeak Administrazioaeuskaraz81 aldizkarian idatzi duen izenburuko “Fracking”aren onurak eta kalteak  artikulua. Erreparatu argudiatzeko moduari.

FRACKING